Maider Egiguren: "Oraindik ere ez dut sinesten kalean naizenik"

Uztarria 2006ko eka. 23a, 22:06

19:00ak aldera irten du Texeiroko (Galizia) kartzelatik

Azpeitira 01:30ak inguruan iritsiko da; Orkatzen lehen harrera egingo diote (Urola Kostako Hitza)

Fidantza 30.000 eurokoa ordaindu ondoren, Maider Egigurenek gaur arratsaldean, 19:00ak aldera, irten du Texeiroko kartzelatik. Momentu honetan, kotxean da Azpeitira bidean, 01:30ak aldera iritsiko da eta orduan harrera egingo diote Orkatzen. Uztarriarekin hitz egin du, telefonoz.

Zer moduz lehenengo uneak?

Ondo. Oraindik ezin dut sinetsi gertatzen ari den guztia. Pelikula batean egongo banitz bezala sentitzen naiz. Kartzelan gogorra izan da han gelditu diren kideak agurtzea.

Nola eta noiz jakin duzu gaur kartzelatik irtengo zinela?

Gaur goizean, korrika ari nintzela, kide batek esan dit ABC egunkarian leitu duela fidantza jarri didatela. Nik asteko neure deiak eginda nituen eta ezin nuenez etxera hotsegin, kideak deitu du etxera eta baieztatu egin digute.

Eta laster etxera.

Bai, baina oraindik ere ezin dut sinetsi. Ezin dut sinetsi ordu gutxira Azpeitian izango naizenik eta ezin dut sinetsi bihar (zapatua) hor esnatuko naizenik.