Alkateak "zigortu" egin dituela salatu dute Esklabetako lur jabeek

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 23a, 12:06

Arau Ordezkatzaileen inguruan alkateak maiatzean onartutako txostenak "lur jabe batzuk" saritzen dituela esan dute (Urola Kostako Hitza)

Alkateak maiatzaren 8an dekretuz onartutako Arau Ordezkatzaileen inguruko txostenak Esklabetako lur jabeak "zigortu" egiten dituela salatu zuten atzo (osteguna) Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Leku Eder promotorak. "Argi azaltzen da alkateak nolako lehentasunak markatu dituen. Zenbait eremurentzako izugarrizko hobekuntzak egin eta beste lur batzuk deskalifikatu egin ditu".

Esklabetako lur jabeek, lur eremu horretan etxebizitzak egiteko proposamena egin zioten Udalari. Baina, orain, Arau Ordezkatzaileen irizpideetan Esklabetan etxebizitzarik ez da aurreikusten. Lurjabeen esanetan, "lur kaltetuek eta sarituek jabetza oso argia dute, alkateak kontrariotzat eta laguntzat hartzen dituenaren araberakoa. Lotuta daude Ikastola dela-eta 1993ko publifikazio garaian berak pertsonalki jokatu zuenarekin eta gaur egunera arte mantentzen duenarekin. Bestalde, Leku Eder zigortu nahi da, Esklabetako eremuan ez duelako makurtu nahi alkateak bere erara gauzak egitearen aurrean".

"Legea ez da bete"

Lur jabeen esanetan, Esklabetako eremuan alkateak ez du legea bete: "Etxebizita kopurua jaitsi egin du, betebehar legalaren azpitik jarriz. Loiolako ibilbidean etxebizitzarik gabe utzi duen eremu bakarra Esklabatakoa da. Alkateak oso nabarmen bereiztu ditu sarituak eta zigortuak. Bestalde, Esklabetan etxebizitza kopurua gutxitzea arrazoitzeko esandakoak ere kuriosoak dira: herriko enpresa handi baten lekualdatzea hain zuzen ere. Horrekin sinetsarazi nahi digu, enpresa horrek egin dituen obra guztiak epe laburrerako egin dituela".

Alkateak onartutako txostenak Esklabetako lur jabeen proposamenari "ezezko borobila" eman diola azaldu zuten. "Lehen gure proposamena gehiegizkoa zen edo ez zen eztabaida. Orduan, alkateak Etxebeltz-Izarra eta Esklabetan irizpide berdinak erabiliko zituela esan zuen. Orain, aldiz, Esklabetan ez da eraikiko".