Hileta zibiletarako tokia eskatu du Aralarrek

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 22a, 11:06

Hileta zibilak egiteko tokia "momentuz" Betharramdarretan izatea proposatu dute

Hondakinen inguruan, berriz, zerbait gehiago egin behar dela uste dute (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Aralar taldeak ehorzketa edo hileta zibilak egiteko toki baten eskaera egin du Udalean, "gaur egun edozein elizetatik kanpo laikoak izan nahi dutenentzat behintzat, azken agurra emateko aukera izan nahi dutenek tokiren bat izateko eskaera egin dugu Udalean. Horiek ere aukera izan dezaten", diote Aralarrekoek.

Hileta zibilak egiteko lekua zein izan daitekeen ere proposatu du Aralarrek. "Momentuz eta leku berriren bat bilatu bitartean, Betharramdarretako eliza zena aprobetxatu nahiko genuke. Tanatorioa ez dugu leku aproposa ikusten, txikia eta pribatua delako", azaldu dute.

Hondakinei buruz

Bestetik, hondakinen inguruko beste eskaera bat ere egin dute Aralarrekoek Udalean. "Udalak birziklatzeko banatu dituen ontziak eta eskutitzak, eta asteburuan egindako azoka ondo ikusten ditugu. Txalotzekoak dira, zalantzarik gabe. Baina herritarrari erraztasunak eman behar zaizkio, eraginkorra izateko. Horregatik ez dugu uste nahikoa denik Zure esku dago esatea, zerbait gehiago behar dela deritzogu".