Sanjoanen aurretik, kirola eta Jubilatuen Eguna

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 15a, 11:06
Iaz, sanjoanetan inauguratu zuten Ibaigain jubilatuen elkartea.

Urrestillako festak bi asteburu barru izango dira

Ostiralean (hilak 16) pilota partidak jokatuko dira Txikuri pilotalekuan; larunbatean, berriz, krosa izango da (Urola Kostako Hitza)

Astebete barru izango dira sanjoanak Urrestillan, baina aurretik hainbat ekitaldi antolatu dute. Asteburuan, kirola eta Jubilatuen Eguna uztartuko dira.

Ostiralean, esku pilotako partidak izango dira Txikuri pilotalekuan, 22:30ean. Aurrena, Berasaluze IX.a-Zubietak Apezetxea-Auxkinen aurka jokatuko dute. Ondoren, Titin III.a-Lasaren eta Gonzalez-Eulateren arteko norgehiagoka izango da.

Larunbatean ere kirola egiteko aukera izango da, Urrestillako V. San Juan Herri Krosa korrituko baita. Benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil, senior eta beteranoen lasterketak izango dira. Gazteenek 17:15ean izango dute irteera, eta kadeteetatik goragokoek 18:00etan. Seniorrek eta beteranoek 8.850 metroko ibilbidea egin beharko dute.

Sanjoanetako krosak badu berezitasun bat: urtero bero handia egin izan duela. Iaz, gainera, ibilbideari bira bat kendu zioten. "Beroagatik ibilbide motzagoa egiteko erabakia hartu genuen", dio Xabier Iturraldek. Aurten, horrelako erabakiririk hartu beharrik ez izatea espero dute.

Urrestillako Festa Batzordeak antolatzen du krosa, baina, batez ere, Xabier Iturralde eta Santi Azurmendi ibiltzen dira krosaren nondik norakoak lotzen. "Helduen mailan sorpresa txiki bat prestatzen ari gara, batik bat seniorren mailako partaidetzari begira".

Krosean parte hartzeko izena lasterketa baino ordubete lehenago eman behar da, Urrestillako plazan. Parte hartzen duten haur guztien artean opariak ere banatuko dituzte.

Igandean, Jubilatuen Eguna antolatu dute Urrestillan. Urtero bezala, meza, bazkaria eta herri kirol jaialdia izango dira. "Urrestillako Festa Batzordekoak eta Antxieta Elkarteak antolatzen dute Jubilatuen Eguna. Baina pixkanaka indarra galtzen ari da; gaur egun 50-60 lagun inguru elkartzen gara bazkaltzeko, baina garai batean gehiago elkartzen ginen", dio Andres Aizpuruak.

Ibaigainek urtebete

Ibaigain Urrestillako Jubilatuen Elkarteak sanjoanetan urtebete beteko du. Jubilatuen Urrestillako txokoa iaz inauguratu zuten udal agintariek. Sorreratik, Andres Aizpurua da jubilatuen elkarteko presidentea. "Ehun lagun inguru gara jubilatuak, baina elkarteko bazkideak 50 bat izango gara. Probetxua ateratzen diogu elkarteari. Egunero 10-15 lagun elkartzen dira bertan, karta-jokoan jarduteko. Igandetan, berriz, hamaiketako legea egiteko biltzen gara", dio Aizpuruak. Ibaigainetik Errioxara irteera antolatzen ari dira orain, eta uztailaren 20an joango dira.