Urola Kostan euskarazko hiru telebista kate egotea eskatu dute Azpeitiko eta Zarauzko udalek

Uztarria | Komunikabideak
2006ko eka. 14a, 18:06

Eusko Jaurlaritzari egin diote eskaera, honek asmorik ez duelako euskarazko katerik bermatzeko

Azpeitian, Uztarriak EBPNren Aholku Batzordean sustatuta iritsi zen gaia udaletxera

Gari Berasaluze ('Urola Kostako Hitza'), Jurgi Olaizola (Txaparro), Imanol Lasa (Zarauzko Udala), Ana Mendizabal (Azpeitiko Udala) eta Leire LarraƱaga (Uztarria), gaur, Zarauzko agerraldian.  Argazki originala

Laster aterako du Eusko Jaurlaritzak eskualdeetan telebista lokalak arautzeko dekretua eta dekretuaren zirriborroan ageri denez behintzat, ez du euskarazko katerik bermatzeko asmorik. Azpeitiko eta Zarauzko udalek, baina, Urola Kosta eskualdean banatuko liratekeen lau telebista kateetatik hiru, euskarazkoak izateko eskakizuna egin diote Eusko Jaurlaritzari, "eta, beraz, dekretuan baldintza hori jartzea". Laugarren katean, berriz, "euskarak presentzia nabaria izan behar du eta prime-time delakoan (ordu puntan) presente egon".

Hori eskatuz gaur (asteazkena) Zarautzen agerraldia egin dute bi udaletako ordezkariek, Urola Kostako Hitza, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea eta Txaparro Zarauzko Euskara Elkarteko ordezkariekin batera.

Bi udaletara, Zarautzen 'Urola Kostako Hitza'-k eta Azpeitian Uztarriak sustatuta iritsi zen gaia orain dela aste batzuk. Hain zuzen, Hitza eta Uztarria Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Aholku Batzordean daude Zarautzen eta Azpeitian hurrenez hurren, eta bietan aurkeztu zuten eskaera hori, eskualdean euskaldunak %79,5 direla eta. EBPNren batzordeetan aho batez onartu zuten eskaera, eta udalei proposatu zieten, onar zezaten horiek ere. Hala egin dute.

Gaurko agerraldian, Ana Mendizabal Euskara batzordeburua izan da Azpeitiko Udaleko ordezkaria. "Aholku Batzordean egiten diren eskaerak kontuan hartzen ditugu, zentzuzkoak baldin badira", esan du. Imanol Lasa Zarauzko Udaleko Euskara batzordeburuak zirriborroa baino dekretu hobea eskatu du: "Dekretua bere horretan argitaratuz gero, atzerapausoa litzateke".

Azpeitiko idatzia

Behekoa da Uztarriak Azpeitiko EBPNren Aholku Batzordean aurkeztu, batzordeak onartu eta honek Azpeitiko Udalari aurkeztu zion proposamena:

"Ez da berria: komunikazioaren arloa ere globalizatzen ari da, batik bat teknologiaren aurrerapenaren bidez. Enpresa handiak dira komunikabide askoren jabe. Euskararen herrian bertan (Euskal Herrian), komunikabideetan erdarazko enpresak dira nagusi. Horrek ez dakarkio mesederik gure hizkuntzari.

Komunikazioaren garaian bizi gara eta euskarak sartu beharra du komunikabideetan. Izan ere, euskarazko hedabideek funtzio garrantzitsua betetzen dute hizkuntz komunitatean, hedabideak euskaraz bizitzea posible egiten duten ezinbesteko elementuak dira, euskararen normalizaziorako tresna eraginkor.

Dena den, globalizazioaren garaian bizi bagara ere, urruneko informazioa eskura badugu ere, herritarrek gero eta estimu handiagoa diote gertuko albisteari. Hau da, lokalismoak indarra du globalizazioaren garaian informazioaren alorrean. Ikusi besterik ez dago herri informazioan euskarazko komunikabideen presentzia eta eragina, batez ere prentsan. Euskaldunok jakin izan dugu euskara esparru horretan garaiz sartzen. Hor daude, Azpeitian bertan, adibide esanguratsuak: Uztarria herri aldizkaria, Azpeitian Zer? aldizkaria, Urola Kostako Hitza egunkaria.

Bestelakoa da herri telebisten kontua Euskal Herrian. Batetik, erdarazko komunikabideak, oraingoz, ez dira sobera sartu. Bestetik, tokiko telebisten arloa ez dago arautua. Laster aterako du Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko telebista kateak arautzeko legedia. Dekretu zirriborroa aterata du eta hauek dira ezaugarriak:
- Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 15 eremu ezarri ditu.
- Urola Kosta da 15 eremu horietako bat.
- Demarkazio bakoitzean bertako telebista kateentzat, gehienez, lau lizentzi banatuko ditu. Printzipioz, lizentzietatik bat, udalentzat gordeko du. Beste hiru lizentziak, enpresa pribatuen artean banatuko ditu.

Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Aholku Batzordean gauden eragileon ustez, planak berak dioen bezala, estrategikoak dira euskarazko herri komunikabideak hizkuntzaren normalizaziorako, lehentasun altukoak, eta sustatu eta bultzatu beharrekoak. Beraz, ezinbestekoa da Azpeitian, Urola Kosta eskualdean, bertako euskarazko telebistak izatea.

Azken datu estatistikoen arabera:
- 64.566 lagun bizi gara Urola Kostan.
- Euskaldunak, 51.308 gara (%79,5).
- Ia-euskaldunak (euskaraz ulertzeko gauza dira), 7.274 (%11,3).
- Euskaldunen eta ia-euskaldunen artean, 58.582 (%90,8).

Orain arte aipatutako guztia kontuan hartuta, EBPNren Aholku Batzordearen azkeneko bileran herri telebisten gaiaz hitz egin genuen, eta ados jarri ginen: EAEko tokiko telebisten dekretuak, euskarazko telebista kateek hizkuntzaren normalizaziorako duten garrantzi estrategikoaz gain, Urola Kostako hizkuntz errealitatea kontuan hartu behar du eta, beraz, gure eskualdean egongo liratekeen bertako lau telebista kateetatik hiruk, euskarazkoak izan behar dute. Eta laugarren katean, berriz, euskarak presentzia nabaria izan behar du eta prime-time delakoan (ordu puntan) presente egon behar du ('prime-time'-a 20:00 edo 21:00etatik 23:00 edo 00:00etara doanari esaten zaio).

Hori dela eta, Azpeitiko EBPNren Aholku Batzordeak eskaera hau egiten dio Azpeitiko Udalari: aipatutako arrazoiengatik, Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola Urola Kostan tokiko telebista dekretuaren bidez banatuko liratekeen lau telebista kateetatik hiru, euskarazkoak izatea, eta, beraz, dekretuan baldintza hori jartzea; eta laugarren katean, berriz, euskarak presentzia nabaria izan behar duela eta prime-time delakoan (ordu puntan) presente egon".

Artikulu gehiago

EKTren azterketa

Patxi Azpillaga EHUko irakaslea

Enekoitz Esnaola kazetaria

Bidali:  

Erantzunak

Zentzuzkoaz | 2006-06-15 : 20:06

Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak atzo: "Aholku Batzordean egiten diren eskaerak kontuan hartzen ditugu, zentzuzkoak baldin badira". Zentzuzko gauzak planteatu izan dira ta PNVk ez ditu onartu.

Oso ondo | 2006-06-15 : 20:06

Oso ondo iruditzen zait hori eskatzie. Ondo Udala

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu