EA ez dator bat EAJk eta Habeak Arau Ordezkatzaileen inguruan esandakoekin

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 10a, 13:06

Habeak datu "okerrak" eman dituela eta EAJk azken bi hilabeteotan "irizpidez" aldatu duela esan dute EAkoek (Urola Kostako Hitza)

EAJk eta Habeak datozen urteotako Arau Ordezkatzaileei buruzko irizpideak azaldu dituzte azken asteotan. EA ez dator bat bi alderdiek esandakoarekin, eta kritiko azaldu da. "Ez gaude ados EAJk eta Habeak azaldu dutenarekin" .

"Hiru urtetan hainbat eta hainbat bilera egin dugu EAJrekin Arau Ordezkatzaileen inguruan. Herriko sektore desberdinetakoekin, herritarrekin eta abar hitz egin nahi zuten horiek beraiek, azken bi hilabeteotan irizpidez aldatu dute", zioen EAk EAJri buruz, atzo (hilak 9) egindako agerraldian.

EAkoen iritziz, EAJk eta Habeak helburu bera dute Arau Ordezkatzaileez ari direnean, "herriarentzako, iraunkorra eta sozialki orekatua".

Arau Ordezkatzaileen inguruan Habeak Azpeitia Eginez aldizkariaren azken zenbakian emandako datuak bat ez datozela dio EAk; batuketak "gaizki" eginda daudela: "Etxebizitza hutsei buruzko datuak desberdinak dira 1.400, 1.200 eta 1.000. 616 etxebizitza proposatzen dituzte, eta gero batuketa egin eta emaitza 534 da. Aldizkariko orri batean, guk 1.600 etxebizitza egitea proposatzen dugula dio Habeak, eta beste bi orrialdetan, aldiz, 1.200 proposatzen ditugula. Alkateak emandako informazioa daukate, eta EAJ eta EA zaku berean sartzen gaituzte. EAJk eta EAk modelo bera dugula diote, eta hori sinplekeria da".

EAJri "memoria historikoaren falta" egotzi dio EAk. "Hortxe izan dira hainbat eztabaida bai adinekoen egoitzaren inguruan, eta baita Esklabetako lur jabeekin ere". Abenduan eta urtarrilean EAJk Arau Ordezkatzaileen proposamen bat zuela eta maiatzean beste bat egin duela ere salatu du EAk. "Bost gunetaz hitz egiten dute, eta Azkunekoaz ez diote ezer".

"Arau Ordezkatzaile iraunkorrak proposatzen dituztela dio alkateak, lur eremuei izendapenik aldatu gabe, eta zer egin dute bada Txorietxen, Urrestillan? Sozialak direla ere esaten du EAJk, babestutako etxebizitzak daudelako. Horiekin egiten duten bakarra legea betetzea da. Gainera, Azpeitia Lantzenek egingo dituen etxebizitzak sozialak direla esatea, asko da. Arauen proposamena orekatua dela ere badiote, herria alde guztietara haziko delako. Loiolan Izarra eta Azkune aldean bakarrik haziko da, Esklabetan ez".

EAren ustez, gutxieneko etxebizitza kopuruari baino gehieneko kopuruari heldu behar zaio, "beti ere, aurrerantzean egon daitezkeen beharrei aurrea hartuz. Eta Udalak inoiz ezin du %10a eman, gaur egun Izarran egin izan duen bezala".