Biziguneren bidez 14 etxebizitza eman dira alokairuan

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 6a, 16:06

Azpeitia Lantzenek iaz egindako azterketaren arabera, 5.937 etxebizitzetatik 1.064 hutsik daude herrian (Urola Kostako Hitza)

Urte eta erdi dira, etxe hutsak alokairuan ematea sustatzeko, Bizigune programa Azpeitian martxan jarri zutela. Maiatzaren 16an, Udaleko Hirigintza batzordeak orain arte Bizigune programak emandako emaitzak aztertu zituen: "Hamalau etxebizitza daude alokairuan emanda, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailak Azpeitiko 22 etxejaberekin egin du kontratua".

Bizigune programa Azpeitian martxan jartzeko hitzarmena 2005eko urtarrilaren 13an sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Azpeitia Lantzenen bidez jarri zuten abian. "2005ean, Bizigune programa sustatzeko langile bat kontratatu zuen Azpeitia Lantzenek, egun erdiz. Langile horrek, 2004ko padroia hartu, eta, banan-banan, hutsik zeuden etxe guztietako jabeei deitu zien, Bizigune programaren berri emanez. 2004ko padroiaren arabera, 1.054 etxe huts zeuden herrian, eta 950en bat etxejaberekin hitz egitea lortu zen". Era berean, herrian hutsik zenbat etxebizitza zeuden jakiteko zentso bat egin zuen Udalak: 5.937 etxebizitzetatik 1.064 daude hutsik.

Hutsik dauden etxebizitza horietatik 500-600 alokairuan emateko moduan daudela uste du Udalak. Biziguneren bidez, etxebizitza alokairuan jartzeko asmoa 39 etxejabek izan dute, eta horietatik 22k dagoeneko kontratua egin du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte gaietako sailarekin.

.22 etxebizitza horietatik 14 errentan jarrita daude. Udalaren arabera, "14 horietatik hirutan azpeitiarrak daude errentan, eta gainontzekoetan 11 atzerritik etorritakoak daude".

Alokatuko luketenak

Biziguneren bidez etxebizitza alokatuko luketenen zerrendan 74 lagunek zuten izena emanda, baina horietatik 22k gero uko egin diote. Ezezkoa emateko arrazoietako batzuk honakoak izan dira: "Bigarren eskuko etxebizitzarik ez dutela nahi; eskaini zaien etxebizitza umearen ikastetxetik urrun gelditzen dela; bere familiarekin bizitzea nahiago duela alokairuan jarri baino; eta alokairuan eskaintzen zaion etxean altzariak jarrita daudela".