Pakistandar bat Errezilen morroi

Oihana Elduaien (Berria) 2006ko mai. 27a, 19:05

Lanera etorri zen Tauqeer Abbas Pakistandik. “Langile fina” da, eta “ederki” moldatzen da Añoia baserrian.

Tauqeer Abbas pakistandarra Errezilgo Añoia baserrian bizi da, Gipuzkoan. Morroi dago han, eta etxekoekin zein baserriko lanetan ederki konpontzen da. Hala dio berak, eta hala dio Jose Inazio Azpillaga baserritarrak ere. Ezagun dute. Giro ona nabari zaie.

Esne behiak dituzte Añoian, eta han ibiltzen dira biak, abereak zaindu, belarretara joan... “Badakizu, hemengo jiran, tokatzen dena egiten!”. Biak buzoa jantzita azaldu dira, lanerako prest. Horretaraxe etorri zen Abbas Euskal Herrira, lanera. “Pakistanen lana egon badago”, dio, “baina baldintzak txarrak dira. Lan asko egin behar da, eta ordainean ematen dizutena huskeria da. Hango bizi-kalitatea ez da batere ona”. 21 urte ditu orain, eta duela bi urte etorri zen, zer aurkituko zuen oso ondo ez jakin arren. Añoia baserrira iazko apirilean iritsi zen.

“Paperak egiteko garaia zen, eta pakistandar bat baserriz baserri ibili zen langileak eskaintzen”, dio Azpillagak. “Ni langile bila nenbilen, baina hemen inork ez du baserrian lan egin nahi. Beraz, hauekin hasi nintzen. Hasieran bi izan genituen, eta orain Tauqeer geratzen da”. Paperak lortu nahi zituela dio Abbasek. Baserrian lanean hasi aurretik legez kanpoko egoeran zegoen, baina baserrian dabilenetik baditu paperak, eta pozik dago. Lana ez zaio gogorra iruditzen: “Ordu asko dira, baina lasai ibiltzen gara”. Eta egindakoarekin, Pakistanera bidaltzeko dirua eskuratzen du. Hala dio Azpillagak: “Irabazitakoa harantz bidaltzen du”.

Elkarrengana ohitu

Hona ondo moldatu dela dio Abbasek. Ez da hitz askokoa. Azpillagak jarraitu du: “Gurekin, ondo moldatu da, eta gu ere moldatu behar gara beregana. Janari kontuan, esate baterako, hauek ez dute txerrikirik jaten. Bada, orain gure etxean ere ez da txerrikirik jaten”. Gauza batzuetan Abbas aldatu da, eta bestetan, Añoiakoak.

“Oso langilea da, eta ez du aitzakiarik”. Ikasi du baserriko martxa. Eskuareari hartua dio tamaina, eta behi eta txahalak ere ondo menderatuta dauzka. Etxean, berriz, lau urteko Elaia txikia du konplize. “Hark nahi duen guztia egiten dio honi, eta honentzat, berriz, bere jostailua da”.

“Etorri” esan dio Azpillagak. Euskaraz dena ulertzen du. Errezilen beharko ikasi! Baina hitz egiteko ez da gai. Euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzen dira elkarrekin. Baserrian ari da bi hizkuntzak ikasten. Hala ere, aurrena gaztelania ikasi nahi du: “Gero ikasiko dut euskara”.

Errezilera apenas jaisten den. Azkoitian ditu lagunak, pakistandarrak, eta haiengana astero joaten dela dio. Azpillagak ezetz: “Nik esaten diot kalera joateko, baina ez da beti joaten, ez da astero ateratzen”. Errioxan ere baditu lagun batzuk, eta haiei ere egiten dizkie bisitak. Hura urrutiago dagoenez, joaten denean hiru bat egun pasatzen ditu.

Sustraiak Pakistanen ditu, eta pare bat urte barru-edo hara joatekotan da. Baina bueltatzeko. Hemen ikusten du bere burua “beti”, edo denbora luze batean behintzat bai. Izango du euskara ikasteko astia.