Lagun Onak-ek ez du igoera fasea jokatuko

Uztarria | Kirolak
2006ko mai. 27a, 20:05

Zamudioren kontra 1-2 galdu du gaur (zapatua)

Irabazi izan balu ere, ez luke jokatuko Bigarren B Mailarako kanporaketa, Arenasek irabazi egin duelako

Lagun Onak futbol taldeak ez du Espainiako Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatuko. Izan ere, gaur (zapatua), Hirugarren Mailako azkeneko jardunaldian, 1-2 galdu du Zamudioren kontra Garmendipen. Dena den, irabazi izan balu ere, ez luke igoera fasea jokatuko, Arenasek Elgoibarren irabazi egin duelako eta Lagun Onakek harekin gol aldea kontra dauka (han berdindu egin zuen eta etxean galdu).

Laudio Sallekoren eta Arenasen partidetako emaitzen menpe zegoen Lagun Onak. Laudio Sallekok 54 puntu zituen gaurko partidaren aurretik, Arenasek 53 eta Lagun Onakek 53. Taldeen arteko puntu berdinketa kasuan, Lagun Onakek alde zeukan Laudiorekin, kontra Arenasekin.

Gaur Laudio Sallekok 0-4 galdu du Sestatoren aurka eta Arenasek 1-2 irabazi du Elgoibarren. Gaurko emaitzekin, Arenasek bukatu du 5. tokian, eta berak jokatuko du kanporaketa.

Ia partida osoan hamar jokalarirekin aritu da Azpeitiko taldea, epaileak Eneko Sagarzazuri bigarren txartel horia atera diolako 29. minutuan. 0-1 zeuden atsedenean. Zamudio gero 0-2 jarri da, eta 80. minutuan sartu du Lagun Onak-ek 1-2koa.

Bidali:  

Erantzunak

eta neskek? | 2006-05-28 : 18:05

titular hau irakurrita harrituta gelditu naiz, atzo enteratu bainitzen lagun onakek irabazi egin zuela eta ondorioz hurrengo astean igoerako finala jokatuko duela.
Baina noski titularra mutilei buruz ari zen... nola ez...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu