Sei etxe berri egingo dituzte Nuarben

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 27a, 18:05
'Kaminero etxea', Nuarben. Bota egingo dute.

'Kaminero etxea’ bota eta familia bakarreko sei etxebizitza egiten hasiko da Etorlur

Irailaren hasi lanak eta 2008ko apirilerako bukatuko lituzkete

Nuarben azken aldiz etxe berriak egin dituztenetik urte asko eta asko dira. Orain, ordea, landa eremua suspertzeko proiektuaren baitan, Nuarbeko Kaminero etxea bota eta bertan sei etxebizitza berri egingo ditu Etorlur Gipuzkoako Lurra SA foru sozietate publikoak. Irailaren bukaeran hasiko dituzte etxeak egiteko lanak, eta obrak bukatzeko 19 hilabeteko epea jarri dute. Emandako epearen arabera 2008ko apirilerako bukatuko lituzkete.

Sei etxebizitza dira egingo dituztenak, denak familia bakarrekoak. 950 metro karratuko lur eremuan eraikiko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak etxebizitza horiek eskuratzeko lehentasun eskubidea edukiko du, "etxebizitza horien lur azalaren jabetza hirugarrenei eskualdatuz jarduera espekulatiborik egin ez dadin".

Lur azal eskubidea 75 urterako izango da. Kamineroen etxea bezala ezagutzen dena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da. Orain, etxeak egiteko, "herri jabaritik atera" eta lur azal horren eskubidea Etorlur Gipuzkoako Lurra SA foru sozietate publikoari ematea erabaki du Aldundiak. Garai batean bideak zaintzen ibiltzen ziren langileen etxea eta biltegia zen Kamineroen etxea. Foru Aldundiaren esanetan, gaur egun ez da ezertarako erabiltzen eraikina. Beraz, botatzeko erabakia hartu dute.

Nuarben etxe berriak egiteko proiektua, "hango landa eremua suspertzeko Azpeitiko Udalak eta Urkome eta Mendikoi elkarteek aurrera daramaten jarduera multzoaren barruan sartuta dago". Hala diote proiektuari ekin diotenek.