"Ekintza arbuiagarriak" gertatu direla dio Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 23a, 16:05

Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta EA alderdiek idatzi bateratua kaleratu dute (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udaleko Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta EA alderdien esanetan larunbat goizaldean gertatuko "ekintzak arbuiagarriak" izan dira. "Manoli Uranga zinegotziaren (PSE-EE) etxera pintura bota eta pintadak egin zituzten, eta Batzokira ere pintura bota zuten. Horrelakoak ez dira errepikatu behar, aurrerako bidean eta alderdien hurbiltzean atzerapausoak ez daitezen eman", diote.

Azpeitiko Udaleko Gobernu batzordea osatzen dute bi alderdien iritziz, "erantzukizunez eta zuhurtasunez" jokatzeko garaia da: "Anoetan gatazka kaleetatik mahaira eramatea aldarrikatu zen. Hori da helburua, baina horrek ez du esan nahi ezker abertzaleak nahi duena egin behar dutenik beste alderdiek. Erantzunkizunez eta zuhurtasunez jokatzeko garaia da, alderdi desberdinen adostasuna eta konfiantza bilatuz. Hori da bidea eta hor aurkituko gara".

Elkartasun Egunaren harira

Bestetik, Elkartasun Egunarekiko Udal Gobernuak hartutako jarrera eta antolatzaileei emandako erantzuna ere azaldu dute EAJ eta EAk: "Elkartasun Eguna antolatzeko Udalak laguntza eman du, presoen familiakoei ere ematen zaie eta euskal presoak herriratu nahi ditugu. Manifestaldi isilean parte hartzeko deia egitea ere eskatu zitzaigun Udal Gobernuko alderdiei. Horren aurrean guk emandako erantzuna honakoa izan zen: oraindik ez da unea ekitaldi bateratuak egiteko, gauzak aurrera doazela eta Euskal Herri mailako dinamikatik kanpo ez genuela pausorik emango".