Udaleku irekiak antolatu dituzte 3-17 urte bitarteko gazteentzat

Uztarria 2006ko mai. 19a, 15:05

Udalak antolatu ditu udalekuak

Adin ezberdinetako haurrak bost talde ezberdinetan banatuta egongo dira

Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak 3 eta 17 urte arteko gaztetxoentzat udaleku irekiak antolatu ditu, Gizartekintza, Ingurumena eta Kirol sailaren laguntzarekin.

Udako Ekintzak 2006 programaren baitan, adinaren araberako bost talde antolatu dituzte: Udan Txiki 3 urtetik 5 urtera artekoentzat, Udan Jolas Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrentzako, Udan Mugi L.H. 3. eta 4. mailakoentzat, Udan Alai L.H.-ko 5. eta 6. mailakoentzat eta Uda Abentura D.B.H.-ko. gazteei zuzenduta. Udan Txiki eta Udan Jolas programetan goiz parteko ekintzak egingo dituzte, astean behin egun osoko irteera bat eginez. Udan Mugi-n goiz parteko ordutegia izango dute. Udan Alai taldea osatzeko txanda bakoitzean, gutxienez 12 lagunek eman beharko dute izena eta Udan Abentura-n, berriz, txanda bakoitzean gehienez 25 lagunek eman dezakete izena.

Programa guzti horiek bi txanda izango dituzte. Lehenengo txanda ekainaren 26tik uztailaren 7ra bitartean izango da eta bigarren txanda, berriz, uztailaren 10etik 21era.

Udaleku hauetan izena eman nahi dutenek, Gazte Informazio Bulegora jo beharko dute maiatzaren 31a baino lehen edo 943 15 71 61 telefonora deituz egin dezakete.