Elkartasun Egunak "aldarrikapena eta festa" uztartuko ditu

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 15a, 12:05
Larunbat eguerdian herriko hainbat talde eta eragilek Elkartasun eguna aurkeztu zuten prentsaurrekoan.

Larunbatean (hilak 20) Azpeitian izango den Elkartasun Eguna aurkeztu dute

Egitarau zabala prestatu dute (Urola Kostako Hitza)

Pasaden larunbatean (hilak 13), prentsaurrekoan aurkeztu zuten larunbat honetan Azpeitian izango den VI. Elkartasun Eguna.

Antolatzaileen hitzetan, "zoritxarrez seigarren aldiz egun hau antolatzeko beharra dago, euskal presoak ez baitaude Euskal Herrian". Elkartasun Egunak, Euskal Presoak Euskal Herrira Topaguneak "urte guztian zehar egiten duen lana islatzeko balio" duela azaldu zuten antolatzaileek.

Elkartasun Egunaren helburuetako bat, "azpetiar gehienok euskal preso politikoen eskubideen defentsan bat egitea" dela azaldu zuten. Hurrengo larunbatean beraz, festa eta aldarrikapena uztartuko dira Azpeitian, baina antolatzaileek eskatu zutenez, "herritarren konpromisoa beharrezkoa da".

Bestalde, presoak Euskal Herrira ekartzea "ezinbestekoa" dela uste dute "prozesu demokratiko bat martxan jartzeko".

Elkartasun Eguneko egitaraua ere aurkeztu zuten, eta herritarrei parte hartzeko deia egin zieten. Mota guztietako ekitaldiak antolatu dituzte herritar denentzat.