Larunbatean goizean goiz hasiko dituzte festak Aratz Errekan

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 12a, 11:05

Sanisidroak larunbatean eta astelehenean ospatuko dituzte

Aratz Errekako festetako egitaraua auzokoek antolatzen dute ( Urola Kostako Hitza)

Larunbatean (hilak 13) hasiko dira sanisidro jaiak Aratz Errekan. Goiz hasiko dituzte festak: 08:00etan botako dute txupinazoa. Ekitaldiak, urteroko ohiturari jarraituz antolatu dituzte aurten ere.

"Festetarako hilabete falta denean elkartzen gara Aratz Errekan bizi garen batzuk eta baita Azpeitira bizitzera joandako batzuk ere. Gero, hiru aste falta direnean, berriro beste batzar bat egiten dugu festetako egitarauari errepasoa emateko", dio Rosa Mari Buldain Aratz Errekako festak antolatzen dabilenetako batek. Urtero antzeko ekitaldiak antolatzen dituzte Aratz Errekan. "Jendeari gehien gustatzen zaizkien ekitaldiak edota grazia egiten dienak mantendu egiten ditugu. Baina, aurten, San Isidro eguna astelehena egokitu da, eta asteguna izanik, ezin da ezer asko antolatu". Hala ere, larunbatean eta astelehenean izango dira sanisidrotako ekitaldiak.

Garai bateko jaiak

Garai batean musikak garrantzi gehiago izaten zuen Aratz Errekako jaietan, hala dio Buldainek. "Lehen festa musikaren inguruan egiten zen batik bat. Kanpoko jendea ere gehiago etortzen zen, Tolosaldetik eta Goierritik. Orduan ezagunak ziren taldeak ekartzen genituen eta jende piloa etortzen zen, baina gaur egun talde on bat jarrita ere ez da inor etortzen. Lehen aparkatutako autoak ia Urrestillaraino egoten ziren eta belar soroak ere aparkaleku bihurtzen ziren. Auto krosa ere egiten zen eta horrek jende asko ekartzen zuen. Gero, auto lasterketa antolatzeari utzi egin zitzaion araudi zorrotza bete behar zelako".

Aratz Errekan egiten den lehiaketa bitxia arrautza egosi gehiago nork jan da. Orain dela bost edo sei urte hasi ziren antolatzen. "Lehen hiru minututan nork arrautza gehiago jan egiten zen. Badira zazpi eta zortzi jandakoak eta; gero izugarrizko tratua pasatzen zuten. Orain minutu bateko denboran egiten da lehiaketa, hiru minutu gehiegi zela eta".