Piano bat bertsotan

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 11a, 16:05
Iñaki Telleria idiazabaldarra eta Jagoba Astiazaran zestoarrak emango dute kontzertua ostiralean.

Ostiral iluntzean, pianoaren eta perkusioaren inprobisazioak osatuko duen kontzertua izango da Iraurgi Saskibaloiko tabernan (Urola Kostako Hitza)

Ostiralean (hilak 12), Asteburu Musikalak egitarauaren baitan, Piano bat bertsotan kontzertua izango da, 22:00etan, Iraurgi Saskibaloiko tabernan. Ekitaldia, Zestoako Jagoba Astiazaran piano-jotzaileak eta Idiazabalgo Iñaki Telleria perkusio-jotzaileak emango dute.

Bi musikari gazteek badute eskarmentua musika munduan. Telleriak, Beasain eta Ordiziako musika eskoletan perkusio ikasketak egin zituen, eta Oreretako kontserbatorioan erdi mailako musika titulua atera ostean, gaur egun goi mailako ikasketak egiten ari da Musikene Goi Mailako Ikastegian. Bestalde, hainbat diskotan kolaborazioak ere egin ditu.

Astiazaranek, berriz, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko musika eskoletan piano eta txistu ikasketak egin ditu, eta Donostiako kontserbatorioan erdi mailako musika titulua atera ostean, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian ikasten ari da. Piano-jotzaile zestoarra, hainbat musikari lehiaketetan saritu dute.

Piano bat bertsotan kontzertua, euskal kanta herrikoi eta tradizionalen inprobisazioak osatuko du. "Herriko jende arruntari hurbildu eta hauentzat erakargarri egitea da kontzertuaren helburua", adierazi du Astiazaranek.

Ikuslearen eta musikarien arteko joko bat izango da zuzenekoa, bat-batekoan, bertsolaritzaren antzera. Ikusleek musikariei kanta bat edo gai bat proposatu beharko diete, eta hauek aurretik ezer jakin gabe eta aurrez ezer prestatu gabe, kanta horren gainean inprobisatuko dute. Kontzertuaren izenburua hortik dator.

Beraz, entzuleak berak erabakiko du zein kanta entzun. Inprobisatzeaz gain, musikariek euren kantak ere joko dituzte zuzenekoan.