Perez Arregi plazarako nahi baino diru gutxiago du Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 5a, 10:05
Perez Arregi plaza zaharberritzeko 745.000 euroko aurrekontua du Udalak.

Enparan kaleko eta Plaza Txikiko lanak bukatuta Perez Arregi berrituko dute

Zaharberritze lanak egiteko 745.000 euroko aurrekontua du Udalak (Urola Kostako Hitza)

Alde zaharra zaharberritzen jarraituko du Udalak, eta aurten Perez Arregi plazako lanak hasteko asmotan dira. Baina nahi beste ez dute zaharberrituko, izan ere Jaurlaritzatik uste baino diru laguntza txikiagoa jaso du.

Enparan kalean hasi zituzten alde zaharra zaharberritzeko lanak. Batik bat, lur azpiko azpiegiturak (argindarraren hodiak, komunikazio hariak, bestelako hodiak...) berritu dituzte eta lur zoru berria jarri dute. Enparan kaleko obrak bukatu orduko Plaza Txikia berritzen hasi ziren. Joan den hilaren bukaeran bukatu zituzten Plaza Txikiko obrak. Hemen, gainera, argiztapen berria ere jarri dute: lur zoruan jarri dituzte argiak.

Alde zaharra berritzen Perez Arregi plazan jarraituko du Udalak, eta horretarako aurtengo udal aurrekontuetan 500.000 euro aurreikusi zituen. Hasiera batean, Perez Arregi plaza osoa eta Soreasuko zubiraino egin nahi zituzten obrak, baina Jaurlaritzatik uste baino diru gutxiago jaso dutenez, plaza bera bakarrik berrituko dute.

Udalak, 100.000 euro jasoko ditu Jaurlaritzatik Perez Arregi plazako lanak egiteko. "Joan den urtean baino herri gehiagok eskatu dute alde zaharrak eta komertzio guneak berritzeko diru laguntza Eusko Jaurlaritzan, eta ondorioz Azpeitirako diru gutxiago izango da", diote Udaletik.

Beraz, aurrekontua estutu du Udalak: 745.000 eurokoa da. Orain proiektuaren zain dago eta hori jasotakoan lanen epeak zehaztuko ditu.