Babestutako 18 etxebizitza Harzubian

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 4a, 17:05
Harzubiako Agirre eremuan egingo dituzte etxebizitzak.

Denera 93 etxebizitza egingo dituzte zezen-plazatik Garmendipera artean; horietatik 18 babes ofizialekoak izango dira (Urola Kostako Hitza)

Harzubia hiribideko Agirre eremuan (zezen-plazatik hasi eta lehen Udal Euskaltegia zegoen eraikina bitartean) 93 etxebizitza berri egingo dituzte, horietatik 18 babes ofizialekoak izango dira.

Atzo, asteazkena, jakinarazi zuen berria Koldo Azkoitia Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaleak. Izan ere, eremu horretarako Azpeitiko Udalak aurretik onartu eta eskatutako Hiri Antolaketako Arauen Aldaketa onartu egin du Aldundiak. "Lur eremu hori etxebizitza erabilera duen industrigune izatetik etxegune soilik izatera pasatu da", azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Lur eremu honen izendapen aldaketak eta han etxebizitzak egiteko asmoak bi urte inguru ditu dagoeneko. Azpeitiko Udalak 2004ko uztailaren 29an eman zion hasierako onespena asmo honi. Hiru hilabete pasatu ondoren (2004ko azaroaren 4an), behin behinekoz onartzea ere erabaki zuen Udalbatzak.

Etenaldiak

Udala Harzubia hiribideko Agirre eremurako asmoarekin lanean hasi zenetik, proiektu horrek hainbat etenaldi izan du Aldundiak behin betiko onartu arte. Etenaldi horietako bat legeak agindutako espazio libreak ez zituelako jasotzen izan da. Oraingo honetan, ordea, Harzubia hiribiderako egindako hirigintza dokumentuan, Izarraizko parke naturalean 1.950 metro koadroko lur saila erreserbatzea erabaki dute espazio libre publikoetarako, "horrela biztanleen dentsitate igoera konpentsatuko da", diote.

.25 etxebizitza berri Harzubia hiribideko lehen lerroan egingo dituzte, hau da, zezen-plazatik Udal Euskaltegi zaharraren aurrefabrikatutako moduluen ondoko bidegurutzeraino. Inguru horretan lehendik dauden hamabi etxebizitza mantendu egingo dituzte. Gainontzeko 68 etxebizitza berriak lehenengo lerroaren eta Ibai Eder ibaiaren artean egingo dituztela aurreikusita dute.

Uholdeak saihesteko

Behe solairua eta bost altuerako etxeak egiteko baimena eman dio Aldundiak Udalari. "Hiritartze proiektuan 16 metroko tartea aurreikusi behar da gutxienez etxeen eta ibaiaren artean. Ibaiari begiratuta lursailaren kota baxuagoa izango balitz, uholdeen arriskutik ingurua babesteko baldintzak bermatuko lituzkeen neurriak hartu beharko dira", zehaztu dute Aldundiko arduradunek.

Aldundiaren ustez Harzubiako Agirre eremuan egingo dituzten etxebizitza berriekin "kalitate eskaseko eremua bere onera ekarriko dute". Baina horretarako "hirigintza operazio" bat egin behar dela ere zehazten du: "Landetako sarreran ikus-eremua zabaltzeko eta egungo industria eraikinek sortzen duten kaosa desagertzeko".