Etxebeltz-Izarran aurten hasiko dira etxeak egiten

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 8a, 17:04

Udalak 20. lur eremuko etxejabeekin hitzarmena sinatzea onartu du

Guztira, 320 etxebizitza egingo dituzte; horietatik 208 babes ofizialekoak izango dira (Urola Kostako Hitza)

.320 etxebizitza egiteko lanak aurten hasiko dituzte Etxebeltz-Izarra 20. lur eremuan. Horietatik 208 babes ofizialekoak izango dira, eta gainontzekoak libreak. Udalak lur jabeekin hirigintza proiektu horren baitako hitzarmena egitea onartu zuen ostegunean (hilak 6) EAJ, PSE-EE eta PPko aldeko botoekin. EAk eta Habeak, ordea, aurka bozkatu zuten.

Ostegunean egin zen udalbatzarrean, Etxebeltz-Izarrako lur eremua hiritartzeko proiektuak sortu zuen eztabaida gehien. EAJk lurjabeekin egindako hitzarmena "ona" zela zioen. EAren ustez, ordea, "txarra" da. Habea ez zen hitzarmena eztabaidatzen hasi, lur eremu hori hiritartzearen aurka dagoelako eta etxeak egiteko "herrian beste aukera batzuk badaudelako".

Manuel Unanueren (EA) ustez, hitzarmenak hainbat kontu ez du zehazten eta horregatik da txarra. "Udalari dagokion %10 hori ez baitu ondo zehazten. Alegia, komertziorako egingo diren lokaletatik zenbat dagokion, garajeen proportzioa zenbatekoa izango den. Hor egingo denaren eta Udala geldituko denaren artean alde handia egongo da, eta horregatik esaten dugu ez dela hitzarmen ona", zioten EAkoek.

%10a Udalarentzat

Udalari 1.248.000 euro dagokio jasotzea 20. lur eremua hiritartuta. EAren esanetan, diru hori Etxebeltz-Izarra gunea hiritartzeko inbertituko da, "beraz, diru hori beharra duen beste auzo edo gune batean ezingo da inbertitu". EAJk bestelako iritzia eman zuen, "datuak eta kopuruak alderatuz gero Udalaren aldekoak dira. Gainera Udalak emango dituen lizentzietan, obrak bukatu bitartean, urtero 600.000 euro jasoko ditu Udalak".

Julian Eizmendi (EAJ) alkateak, ordea, hitzarmenaren alde egin zuen. "Hogei urte eta gero Etxebeltz-Izarrako lur eremuari aterabidea emango diogu. Gainera, irtenbidea hango lurjabeekin ia adostasun osoarekin emango da eta Maturana Legean oinarrituta babes ofizialeko etxebizitzak egingo dira. Guk, lur eremu hori garatzea Sanjuandegi auzoaren hedapen moduan ikusten dugu", zioen Eizmendik.

Alkatearen esanetan, gainera, "azkartasuna" da 20. lur eremua hiritartzeko beste oinarrietako bat. "Behin han obrak hasi eta 30 hilabeteko epean egiteko aukera egongo da eta babes ofizialeko etxebizitzak bertan egingo dira, gainera".

Etxebeltz-Izarran egiten denaren %10a jasoko du Udalak, halaxe adierazi zuen Eizmendik. "Lur eremu horren aprobetxamenduaren %10a jasoko du Udalak, zatikako planean eta hitzarmenean hala adierazten da. Legeak ezarritako kopuruak dira eta horretan oinarritu gara, guk ez ditugu asmatu". Etxebeltz-Izarrako lur jabeekin egindako hitzarmenak "erritmo eta konpromiso batzuk" lotzen ditu.

Oinarrian ados ez

Habeakoak "oinarrian ados ez" daudela eta hitzarmena ona edo txarra den ez zutela eztabaidatuko esan zuten. "Loiolabide etxez betetzearekin ez gaude ados. Lur eremu hori aisialdiko azpiegiturentzako eta gune berde bezala gorde behar da, ahal den bitartean. Uste dugu, etxebizitzak egiteko beste alternatiba batzuk badaudela herrian. Soreasu ingurua, San Migel... Etxebizitzak kalte gutxiago egingo duten guneetan egitearen aldekoak gara", zioen Miren Odriozolak (Habea).

Corrugados Alfonso Gallardo (lehen Marcial Ucin edota Arcelor zena) enpresarekin zer egin ere aztertu beharra zegoela esan zuten Habeakoek. "Herri erdian dagoen enpresa da eta herrian kutsadura maila altua da. Udalak beste lekuren bat proposatu beharko lioke, enpresa hortik kendu eta hara eramateko. Horrela, gaur egun enpresa hori dagoen tokian etxebizitzak eta hainbat gauza egiteko tokia egongo litzateke. Udalak noiz edo noiz gai horri heldu beharko lioke", adierazi zuten.

Etxebeltz-Izarrako gunea "Azpeitiko lekurik ederrena" dela esatean Udaleko alderdi guztiak bat etorri ziren.

Etxebeltz-Izarra

320 etxebizitza
Babes ofizialekoak. 208 egingo dira.
-182 etxebizitza hiru logelakoak eta 84 metro karratukoak.
-22 etxebizitza bi logelakoak eta 68 metro karratukoak.
-Lau etxebizitza logela bakarrekoak, 68 metro karratu ingurukoak.
Etxebizitza libreak. 112 etxebizitza.

Bestelako azpiegiturak
Lokal soziala. 1.026 metro karratuko lokal bat eraikiko da.
Ibai inguruak. "Urola ibaiaren inguruak hobetuko dira eta uholdeak saihesteko azpiegiturak egingo dira", azaldu du alkateak.
Pasabideak. Pasabideak ere eraikiko dira.