Jose Labaka: "Larunbatean lehen hamarretan bukatu nahi dugu Rallysprinta"

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 30a, 10:03
Jose Labaka, larunbateko rallysprintean erabiliko duen autoarekin.

Joxe Labakak 28 urte daramatza auto lasterketetan, eta Azpeitia-Ikasberrin BMV M3 auto berriarekin aterako da (Urola Kostako Hitza)

Joxe Labaka Elosiaga (Azpeitia, 1960) 18 urterekin hasi zen auto lasterketetan, eta dagoeneko 28 urte daramatza. Larunbatean, VII. Azpeitia-Ikasberri Rallysprinten izango da.

Nola hasi zinen autoen munduan?

Elosiagan errepide ondoan bizi nintzen orain gutxi arte, eta auto lasterketak igarotzen ziren handik. Gauez, leihotik begira egoten nintzen, eta egunez, berriz, bihurguneren batera joaten nintzen lasterketak ikustera. 18 urte egin nituenetik, urterik galdu gabe mundu honetan nabil. Lagunak beti ondoan izan ditut laguntzeko prest.

Zer nolako lasterketetan hasi zinen?

Korritu nuen aurreneko proba Urrakiko Igoera izan zen. Aurrena igoera batzuk egin nituen, eta gero, rallyeei ekin nion.

Hortik gora egitea zaila al da euskal auto gidarientzako?

Espainiako mailara dagoen jauzia guk 1987an egin genuen, berandu samar. Horrelako jauziak emateko ausartu eta ondo antolatu behar da. Gero, ondo ibiliz gero diru laguntzak eta sari onak daude. 6-7 urtean Espainiako Lur gaineko txapelketan ibili ginen. Bi txapelketa irabazi genituen, eta beste bi urtetan txapelunorde gelditu ginen. Esperientzia ona izan zen.

Gogoan dituzun unerik onenak?

1989koa, aurrenekoz Espainiako Txapelketa irabazi genuenekoa, mila pistako Citroen Visarekin. Hurrengo urtean Citroen 4x4 batekin berriro irabazi genuen. Orduan, Espainiako Txapelketan konpetentzia handia zegoen lur gainean, auto eta pilotu asko, eta giro ederra zegoen denen artean. Bestela, urtero izaten da une pozgarriren bat.

Une txarrak ere izango dira.

Txarrak ere egoten dira. Autoarekin suerterik ez duzunean-eta. 1993an, Espainiako Txapelketan, autoa zahartu egin zitzaigun, eta denboraldi erdian utzi egin genuen; gero, Citroenekoek azkeneko hiru-lau lasterketa egiteko aukera eman zidaten. Orduan ere, denboraldi erdia txarra izan genuen, eta, gero, uste gabe, beste erdia oso ona. Talde ofizial batean ibili ginen, eta oso ederra izan zen. Lastima hortxe gelditu zela hura.

Ahalegin handia eskatzen al du profesionala izan gabe auto lasterketetan ibiltzeak?

Bai, bai, ahalegina handia da. Nik oso talde ona daukat, eta gustura nago. Orain, BMV M3 autoa prestatu dugu, lasterketak amaitu eta aurreneko hamarretan egiteko apustua eginez. Bi Haitz karrozeriak, Aiertza autoak eta lagun taldea dauzkat laguntzeko. Laneko orduetatik kanpo egiten ditugu lanak. Gogorra da, baina diru aldetik lagunartean eginda hobeto ateratzen da. Gu belar motzean ibiltzen gara. Amorrazio asko pasatzen dugu, baina karrera onak egiten ditugunean gustura gelditzen gara.

Larunbatean VII. Azpeitia-Ikasberri Rallysprinta lasterketa jokatuko da. Aurten goitik behera da. Nolako proba da?

Errepide ederra da, eta ikusteko gain asko ditu. Bihurgune asko eta azkarrak dauzka. Aurten goitik behera denez, ikusmina sortu du.

Zein asmorekin aterako zara?

Aurreneko hamarretan bukatzea nahiko genuke. Ahal den guztia egingo dugu. Gainera, emaztea joango da kopilotu.

Faboritorik ba al duzu?

Bai, bai, Santi Artetxe. Bera ona da, eta auto ona dauka.

Horrelako auto lasterketak askotan jendea autoan azkarrago ibiltzera-eta bultzatzen dutela esaten da.

Egia da hori. Guk auto lasterketarako afizioa egotea nahi dugu, baina gazteei beti berdina esaten diogu: kontuz ibiltzeko. Badaude zirkuitoak norberaren autoarekin ibiltzeko. Errepide irekian kontuz ibili behar da, eta besteekin ere pentsatu. Irtenbide zaila dauka.

Di-da batean

Auto lasterketa bat?
Azpeitiko Rallya.
Rallyetako auto gidari bat?
IƱaki Alberdi, zalantzarik gabe.
F1eko gidari bat?
Beno, beno, orain Fernando Alonso. Baina bestela, zalantzarik gabe, Ayrton Senna.
Motorraren mundu honetan gehien lagundu dizun lagun bat?
Jose Antonio Araneta batik bat, hasiera-hasieratik eta gaur egun ere hortxe eduki dudalako. Eta, noski, beste asko.