Patxi Azpillaga: "Ez da ziurtatzen barruti guztietan euskara hutsezko katerik egongo denik"

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 24a, 11:03
Patxi Azpillaga.

Patxi Azpillagak tokiko telebisten inguruan Jaurlaritzak ateratako dekretu zirriborroak "hutsuneak" dituela dio (Urola Kostako Hitza)

Jaurlaritzak tokiko telebistak arautzeko dekretu zirriborroa atera du (Urola Kostan 4 lizentzia banatuko ditu) eta behin betiko dekretua ateratzear dauka. Dekretu zirriborroari emendakinak egin dizkiote Patxi Azpillaga (Azpeitia, 1959), Josu Amezaga eta Edorta Arana EHUko Gizarte eta Komunikazio zientzietako irakasleek. Azpillagaren ustez, "euskararen presentzia bermatu egin behar da tokiko telebistetan".

Eusko Jaurlaritzak tokiko telebistak arautzeko ateratako dekretu zirriborroari emendakinak egin dizkiozue. Zergatik?

Tokiko telebistetan euskarak izango duen lekua da gehien kezkatzen gaituena. Gure ustez, euskarak arazoak ditu ikusentzunezko hedabideetan, ez presentzia ziurtatzeko, baizik presentzia hori eraginkorra eta hedatzailea izateko. Arazo horiek datoz, neurri handi batean, telebista txiki batek, plano berean, Espainiako estatu mailako beste telebistekin, programazio orotariko batekin egon behar duelako eta hor zailtasunak ditu presentzia hori ziurtatzeko.

Tokiko telebistak euskararen etorkizunerako garrantzitsuak direla ere badiozue.

Telebista lokalak euskararentzat oso inportanteak dira. Txarrerako eta onerako. Onerako, hurbiltasuna eta tokikotasuna dutelako. Batez ere gertutasuna euskararen presentzia gizartean areagotzeko eta indartsuagoa izateko. Gertutasunak, gainera, posible egiten du beste mota bateko komunikazioa eraikitzea, hurbileko gauzaz jarduten dute eta posible egiten dute jendearen parte-hartzea beste modu batekoa ere izatea.

Eta txarrerako?

Txarrerako, nola arautzen den horretan dago. Gerta daitekeelako euskararentzat galdutako eremua izatea eta zentzu berean, gertuko komunikazio horren kaltetan.

Orduan ez al da nahikoa Eusko Jaurlaritzak arautua euskarazko telebistak bermatzeko?

Uste dugu, dekretu zirriborroan euskararentzat egindako xedapenak, ez direla nahikoak. Ez du ziurtatzen demarkazio guztietan euskara hutsezko kanalik egongo denik. Aukera ematen du horretarako, baina dena aukera eta posibilitatean gelditzen da, ez dago inolako derrigorrik, ez da ezertara derrigortzen. Euskarazko telebista bermatzeko bide esklusiborik ez da jartzen eta gure ustez hori arautzea inportantea da. Beste alde batetik baina, duen gauza positiboa da, telebista guztietan euskara presente egotea arautzen duela. Baina presentzia hori nolakoa izango den horretan, ez du nahikotasunik zehazten. Euskaldun kopuru gehiena bizi den lekuetan, euskararen presentzia tokiko telebistetan emisio orduen erditik beherakoa izango da. Hori ez da errealista euskararen etorkizunerako, horrekin ez da ziurtatzen telebistan euskararen garapena eta presentzia eraginkorra.

Euskararen presentzia euskaldunen kopuruaren araberakoa izan beharko duela esaten du Jaurlaritzak eta, gainera, progresiboki bete beharko dute.

Modu progresiboan bete beharko lukete eta orduan hasieran ez liratekeela kanalak behartuta egongo legeak eskatzen duen hori betetzera, hamar urteren buruan bete beharko lukete. Progresibotasun horrek azkenean legea ez betetzea ekar lezake. Progresibotasun hori tentuz hartzeko kontua da, progresibotasuna Urola Kostan gogorra izango bada ere, imajinatu zer izango den Bilbo baten edo.

Dekretu honek euskarazko tokiko kateak bermatu behar al ditu?

Hor badago legeak ezartzen duen irizpide bat, kate programazioa debekatu eta mugatu egiten du, asko. Hori mugatzea oso inportantea da. Baina, horrek ordu dezente produzitzeko eta programatzeko gai diren telebista indartsuak eskatzen ditu, eta hori bere horretan hartuta ondo badago ere, euskararentzat kaltegarria izan daiteke. Hori egiteko gai liratekeen telebista lokalak momentuz ez dauzkagu eta alde horretatik oso inportantea da telebista lokalen arteko elkarlana eta hainbat programen kate emisioa posible egitea.

Legeaz gain, tokiko telebistetan euskararen presentzia ziurtatzeko zer behar da?

Legeaz gain, ekimenak, diru publikoa eta proiektuak behar dira eta gaur egun instituzioek hori sustatzeko ahalegin berezia egin beharko lukete. Ziurtasun batzuk euskarak behar ditu. Eta ziurtasun horiek ezin dute legetik bakarrik etorri.