Gazteen egoera aldatzeko zer egin aztertuko dute ostiralean

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 23a, 10:03

Gaztetxekoek gazteen egoeraren diagnosia egin dute

Diagnosia irakurgai hemen (Urola Kostako Hitza)

Azpeitian ere, "jendarte kontsumista eta eredu patriartakala oso barneratuta" dagoela dio herriko gazteen egoeraren inguruan Gaztetxeko Gazte Asanbladak egindako diagnosiak.

Hitzaldi zikloa eta gazteen bizipenen eta ikuspuntuen eztabaida egin ondoren, Azpeitiko gazteen egoeraren diagnosia osatu dute Gaztetxekoek. Orain, diagnosia azaldu eta hutsuneei irtenbidea topatzeko zer egin erabakiko dute. Ostiralean, martxoaren 24an, 21:30ean bilduko dira Gaztetxean bertan. Hona, diagnositik labur-labur jasotako ideia batzuk:

Kultura. "Hainbat kultur eragile dago herrian lanean eta gazteen presentzia garrantzitsua da eragileetan".

-"Talde bakoitza bere gabeziekin ari da lanean bidea egiten, baina bada komunean den arazo bat: taldeen arteko harreman eza".

-"Kultur agenda bateratua da oinarria, eta horretarako herrian ditugun tresnak erabili behar dira, tresna horien artean dago Gaztetxea".

Musika. "Kultur mugimenduan uzta oparoenetakoa eman duen arloa da musika gure herrian. Hainbat gazte mugitzen da musikaren munduan eta ondorioz hainbat musika talde sortu da eta sortuko da".

-"Zailtasunak ugariak dira kontzertuak emateko garaian, lanak kaleratzerakoan".

-"Musika taldeak bilduko lituzkeen eragile bat balego arazoak xamurragoak lirateke".

Euskara. "Euskaraz bizi nahi badugu arlo guztiak euskaldundu beharra dago. Euskara erabiltzeko eskubidea bermatzeko, herriak eta herritarrek sekulako garrantzia dute eta egoera aldatu nahi bada herri mugimendua beharrezkoa da".

Feminismoa. "Azpeitian oso barneratuta dago eredu patriarkala. Gazteon artean, kontzientziazio maila ez da egoeraren neurrikoa. Emakume eta gizon guztion erantzunkizuna da ezarri dizkiguten rolekiko kateak apurtzea".

Etxebizitza. "Etxebizitza, oinarrizko eskubide unibertsala da. Gazteok etxebizitzarekin dugun arazoak lotura zuzena du lan egoera prekarioarekin. Gaur egun Azpeitian etxebizitza duin bat eskuratzea, eskubide izatetik, gazte gutxiren esku dagoen luxu bat izatera pasatu da".

-"Udalak ditu etxebizitzaren egoera aldatzeko eskumenak eta ardura, zerbitzu publikoa eginez eta".

Lan baldintzak. "Prekarietatean eta lan baldintza kaskarretan oinarritzen diren kontratuak eskaintzen dizkigute. Arazo hau, gainera, larriagoa da gazte eta emakume edo etorkinen kasuan".

Proiektu txikitzaileak. "Azpeitian egiten ari diren eta egin nahi diren proiektu txikitzaileak ez dira herritarren beharren eta nahiaren arabera egiten".

Errepresioa. "Sistema honen edota boteredunen aurka doan kolektibo nahiz pertsona, gelditu eta deusezteko erabiltzen dute. Gazteak garelako soilik ez dugu kalean lasai ibiltzerik".

Festa herrikoiak. "Ez dira herritarrentzat antolatzen. Ikuskizunetara mugatzen dira, salbuespenak salbuespen, eta askotan beste kultura bat bultzatzen dute".

Komunikazioa. "Gazte aldizkari baten hutsunea dugu eta bestelako tresnak nola erabili erabaki behar dugu".

-"Koadrilen arteko komunikazioa oso ahula da eta gazteok elkartuko ginatekeen topaguneen beharra ikusten da".

Gazte asanbladak eta Gaztetxea. "Gazteok jendarte honen parte aktibo gara eta jendarte hau eraldatzeko eta baldintzatzeko sekulako gaitasuna dugu".

-"Ezinbesteko tresna da Gaztetxea, eta gazte asanbladak gazteen egoera aldatzeko eta hutsuneei irtenbidea bilatzeko antolaketa eredu jakin bat eduki behar du martxan".