Joseba Segurola presoak gose greban jarraitzen du

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 22a, 13:03

Segurolak martxoaren 4an ekin zion gose grebari; martxoaren 23an urtebete egingo du preso

Jabi Agirrek, aldiz, osasun arazoengatik ospitalera eramateko eskatu du, baina zigor ziegara zigortu dute (Urola Kostako Hitza)

Joseba Segurola Xegu presoak martxoaren 4an gose grebari ekin zion. Dagoeneko, 18 egun egin ditu gose greban. "Gu, martxoaren 11n egon ginen berarekin, eta ordurako zortzi kilo galduta zegoen", dio Marijo Segurolak, presoaren arrebak.

Joseba Segurolak ostegunean, martxoaren 23an, urtebete egingo du preso. Iaz, martxoaren 23an atxilotu zuten Lannemezanen (Frantzia), ustez ETAko kidea delakoan. Orduan, La Santen espetxeratu zuten. Hil honen hasieran, berriz, Bois d'Arcyko kartzelatik Cuincykora aldatu zuten.

"Cuincyko espetxea Belgikako mugan dago, lehen baino urrunago eraman dute, eta gainera, bakarrik dago bertan. Hori dena salatzeko, eta hurbildu eta beste euskal preso politikoekin batera jartzeko eskatuz gose grebari ekin zion martxoaren 4an. Ez daki noiz arte eraman duten espetxe horretara, eta galdetzen ari da gose greban dagoen bitartean", dio presoaren arrebak.

Segurola herritik 1.100 kilometrora daukate, autoz hamar ordura. Cuincyko espetxean sekula ez da egon beste euskal preso politikorik, eta bisitaldiak ere astegunetan izaten dituzte. "Printzipioz bisitaldiak astegunetan jarri dizkiote. Guk asteburuetan ezin dugu bisitatzera joan, lan egiten dugulako. Orain dagoen kartzela honetan zailtasun asko jartzen dizkigute".

Kartzelaz aldatu aurretik ere "borrokaldian" egon ziren Bois d'Arcyn Joseba Segurola eta beste bost euskal preso. Hiru astetik behin kartzelako ziegaz aldatzen zituzten. Horren aurrean, protesta egin zuten, eta ondorioz, Segurola zigor ziegan sartu zuten. "Isolatuta zigor ziegan eduki zutenean lau kilo galdu zituen", kontatu du arrebak. Gero, handik Belgikako mugan dagoen kartzelara eraman zuten:"Zigortzeko aldatu zuten".

Ebakuntza egiteko zain

Jabi Agirre ere zigortuta daukate Molinseko (Frantzia) kartzelan. Herritik 715 kilometrora dago. Ostiraletik zigor ziegan daukate, bakartuta. "Masailezurra mugituta dauka, eta orain zainen bat harrapatu dio. Horrek ikusmenean arazoak eragiten dizkio, eta dena bikoiztuta ikusten du. Orain dela lau aste, ebakuntza egiteko ospitalera eramateko eskatzen hasi zen, baina ez diote kasurik egiten, eta mediku asistentziarik gabe daukate", dio Maider Agirrek, presoaren arrebak.

Senideek eta abokatuak kanpotik ezin dute ezer egin. Horregatik, ostiralean, presoak berak protestaldia egin zuen kartzelako patioan, eta ondorioz zigortu egin zuten. "Bera ahalik eta azkarren ospitalera eraman dezaten saiatu gara, baina guk ezin dugu ezer egin kanpotik. Espetxetik bertatik eman behar dute ospitalaratzeko agindua", diote presoaren senideek. "Dagoeneko, hilabete da ebakuntza egiteko eskatzen ari garela, eta guretzako egun hauek oso-oso luzeak egiten ari dira. Kaltea areagotu aurretik eta lehenbailehen, Jabi ospitalera eramateko eskatzen ari gara".

Jabi Agirre 2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Borges herrian Xabier Etxeberria Txapi azpeitiarrarekin batera, ustez ETAkoak direlakoan.

Beste azpeitiar preso, deportatu eta iheslariak:
-Juan Carlos Arruti Paterra (Puerto Santa Marian preso, 1.132 kilometrora. Espainia).
-Xabier Etxeberria Txapi (Mureten preso, 349 km-ra. Frantzia).
-Gotzon Aranburu (Villenan preso, 760 km-ra. Herrialde Katalanak).
-Maider Egiguren (Coruñan preso, 665 km-ra. Galizia). -Juan Manuel Bereziartua Pakea (Venezuelan deportatuta).
-Maria Angeles Artola (Venezuelan deportatuta).
-Iñaki Etxarte (Kuban deportatuta).
-Iker Iparragirre (2005etik ihes eginda; ez dago haren berririk).