Itsasiren egoitza, Jesus Maria eraikina

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 18a, 12:03

Ikasleen gurasoekin hitz egin ostean Udalaren bigarren proposamena onartzea erabaki du Itsasi Dantza Taldeak

Egoitza berria, lehen Uztaro Haur Eskola zegoen lekuan izango dute dantzariek (Urola Kostako Hitza)

Ostegunean (hilak 16) egin zuten bilera Itsasi Dantza Taldekoek ikasleen gurasoekin, lokalaren leku aldaketaz hitz egiteko, eta Udalak egindako bigarren proposamena onartzea erabaki dute.

Gaur egun Azpeitiko dantza taldeak Kuartel Zaharraren eraikinean du egoitza, eta eraikin hau denbora gutxi barru bota egin behar dutenez, lekuz aldatu behar du dantza taldeak.

Udalak, Betharramdarretako lokal bat eskaini zion dantza taldeari, baina taldeko batzordeak hainbat bilera egin ostean lokal hau ez onartzea erabaki zuen. Kokapena, "egokia" duela azaldu dute, baina, lokala hirugarren solairuan dago eta trasteekin gora eta behera ibiltzeko ez dela egokia diote; gainera igogailurik ez dago. Horretaz gain, lokalak ez du aldagelarik, eta 19:00etatik aurrera erabili beharko lukete. Gaur egun, ordea, haurren klaseak 17:15ean hasten dituzte.

"Alokairua ez da garestia"

Arrazoi horiek tarteko, dantza taldeak ez zuen onartu Udalaren proposamena eta inmobilarietan zeuden aukera posibleak aztertzen hasi ziren.

Azkenean, Udalak bigarren proposamen bat egin dio dantza taldeari, Jesus Maria lokala, Uztaro Haur Eskola zegoen eraikina. Lokalaren kokapena "oso egokia" iruditu ez zaion arren, gurasoekin hitz egin ostean, lokal hau onartuko dutela azaldu du Amaia Aranaga, Itsasi Dantza Taldeko kideak.

Eraikin honetan ez da berrikuntza askorik egin behar, alokairua ere "ez da oso garestia" eta dutxak eta aldagelak jartzeko arazorik ere ez dutela izango azaldu dute.