Haritz Etxeberria: "Eliteko bertsolariekin kantatzeak ilusioa egiten du"

Uztarria 2006ko mar. 16a, 18:03
Haritz Etxeberria,

Xabier Silveira, Amets Arzallus, Amaia Agirre, Oihane Enbeita eta Jon Maiarekin batera kantatuko du Haritz Etxeberria Ministrok ostiralean Gaztetxeko bertso saioan

Haritz Etxeberria Ministrok ostiralean, martxoaren 17an, Gaztetxeko bertso-saioan abestuko du beste bost bertsolarirekin batera. Oso gustura dago bere herriko Gaztetxean bertsotan jarduteko aukera eman diotelako.

Erniarraitz Txapelketan abestu zenuen, ostiralean Gaztetxeko saioan izango zara. Aldea egongo da batetik bestera, ez?

Bai, alde handia dago. Ez dakit garrantzia gehiago zeini eman behar zaion, azken finean plazetan erakutsi behar baita zenbat balio duzun. Baina txapelketak beti lehiaketa kutsu hori izaten du, eta horrek desberdintzen du; urduriago sentitzen zara. Biharkoa bezalako saioek, berriz, eliteko bertsolariekin, nahiko goian dauden bertsolariekin, kantatzeak ilusioa egiten dute.

Saioan maila handiko bertsolariekin kantatuko duzu. Nola ikusten duzu zeure burua?

Ondo, betiko moduan. Kolpe batzuk ematen baditut eta neuk dakidan bezain ondo egiten badut, ondo. Eta egun txar bat izaten badut, ba hori... Saio txar bat ateratzen denean bueltatutakoan beti pentsatzen da zertarako joan naiz?, eta orokorrean saio on bat atera bada, nahiz eta ni hain ondo ez jardun, etxera gustura joaten naiz, jendea gustura ikusita.

Zer suposatzen du zuretzat Azpeitiko Gaztetxean abesteak?

Ilusioa egiten dit Gaztetxean, hainbeste kostatutako Gaztetxean, abesteak. Bai ekitaldi hau eta bai ia astero Gaztetxean antolatzen direnekin ikusten da herrian Gaztetxearen beharra zegoela. Bestalde, Gazte Asanblada nirekin oroitu izanak poza ematen dit.

Zer moduzko giroa espero duzu saioan?

Giro ona espero dut. Eta ikusten da herrian Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia pasatuta, beti pasatzen da, bertso giro handia egin dela. Hori larunbat iluntzetan ere antzematen da. Hori Gaztetxean islatuta ikusiko dela pentsatzen dut. Jende helduak bertso saioa Gaztetxean izateagatik ez du aurreiritzirik eduki behar, Gaztetxea ez delako gazteentzat bakarrik. Biharko bertso-saiora edozein etorri daiteke. Gaztetxeko ekitaldiak herri guztiarentzat egiten dira eta nahi duen guztiak joan besterik ez du.