Fiskalak eskainitako akordioarekin Lizasok eta Azkuek zigorra jaistea lortu dute

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 7a, 19:03

Iñaki Azkueri, bost urtetik urte eta erdira, eta, Unai Lizasori hiru urtetik urtebetera jaitsi diote kartzela zigorra

"Gezurra dena onartu behar izan dugu zigorra jaisteko eta balorazio gazi-gozoa" egiten dute Unai Lizasok eta Iñaki Azkuek

Iñaki Azkuek eta Unai Lizasok beraien aurkako kartzela zigorra jaistea lortu dute, "baina gezurra dena onartu behar izan dugu horretarako eta balorazio gazi-gozoa egiten dugu". Gaur goizean izan dute epaiketa Donostiako Auzitegian eta Fiskalarekin egindako akordioaren bidez jaitsi diete zigorra.

2003ko ekainaren 14an, Udalbatzaren kargu hartzean, liskarrak izan ziren. Habea, Alderdien Legeak legez kanpo utzi zuen eta hautetsiek kargu hartzerik ez zuten izan. Egun hartan Azkuek eta Lizasok "Ertzainei eraso egin izana" leporatzen zien Donostiako Auzitegiko fiskalak. Azkueri bost urteko kartzela zigorra eskatzen zion eta Lizasori hiru urtekoa.

Epaiketa hasi aurretik Fiskalak akordio baterako eskaintza egin die bi akusatuei. Akordioaren arabera Azkueri urte eta erdiko kartzela zigorra eta 500 euroko isuna eskaini dio eta Lizasori, berriz, urtebeteko espetxea eta 560 euroko isuna. "Kartzelara ez joateko Fiskalaren eskaintza onartu behar izan dugu eta epaileak ere onartu du", dio Azkuek. Baina Azkuek aurretik beste auzi bat du eta orain bera espetxera joan edo ez zigorra betearazteaz arduratzen den epaitegiak erabaki beharko du.

"Espetxera joatea saihesteko, egin ez dugun zerbait egin dugula onartu behar izan dugu, ezinbestean. Gezurra dena onartu behar izan dugu. Baina guk garbi daukagu epaitegietan ez dugula borroka egin behar, kalean irabazi behar dela borroka. Ertzaintzak gezurretan oinarrituta egurra sartzen baitugu epaitegietan".

Herrian 21 lagun auziperatuak

Azkuek eta Lizasok argi utzi nahi izan dute beren kasua ez dela "isolatua". "Herrian 21 lagun gaude auziperatuak, EAJ, EA eta IU horren jakitun dira baina ez dute ezer egiten egoera hau aldatzeko".