Joseba Segurola herritik urrunago eta gose greban

Uztarria 2006ko mar. 7a, 18:03

Bois d'Arcyko espetxetik Cuincyko espetxera (Belgikako mugan) aldatu dute

Larunbatetik, gose greba egiten ari da

Joseba Segurola Xegu azpeitiar preso politikoa espetxez aldatu dute. 2005eko urritik Bois d'Arcyko espetxean zen eta orain, berriz, Cuincyko espetxera (Belgikako mugan) aldatu dute. Honen ondorioz, bere egoera salatzeko, larunbatetik gose greban dago preso azpeitiarra.

Joseba Segurola beste bost euskal preso politikorekin batera zegoen Bois d'Arcyko espetxean. Hiru astetik behin kartzelako ziegaz aldatzen zituzten. Eta horren aurrean, protesta egin zuten, euren errutina puskatzen zietelako. Protesten ondorioz, Segurola erabateko isolamenduan sartu zuten. Isolamendutik irten zuenean beheko pisuetako zeldetara jaitsi nahi zituzten baina hauek uko egin zioten. Segurolak guztira hilabete pasatu du zigor ziegan. Pasatu den asteburuan Bois d'Arcyko espetxean zeuden bost euskal preso politikoetatik hiru espetxez aldatu dituzte. Horien artean, Segurola dago. Preso azpeitiarra Cuincyko espetxean da orain. Bertan ez da sekula euskal preso politikorik egon.

Segurola Xegu martxoaren 23an atxilotu zuten Lannemezanen (Frantzia), ustez ETAko kidea delakoan, eta egun gutxira Parisen, La Santen espetxeratu zuten. Han astebete pasatu ondoren, martxoaren 31n espetxez aldatu eta Lyon inguruan dagoen Villafrancheko kartzelara eraman zuten (Azpeititik, kotxez, bederatzi ordura, eta trenean 12ra. 1.100 kilometro ingurura dago).

Joseba Segurolaz gain, beste bost azpeitiar preso politiko daude: Juan Karlos Arruti Paterra, Xabier Etxeberria Txapi, Maider Egiguren, Jabi Agirre eta Gotzon Aranburu.

Hau da orain Joseba Segurola Xegu dagoen kartzelako helbidea:

  • Joseba Segurola Kerejeta (30781)
    - Maison d'arrĂȘt
    - 505 Rue d'Cuincy
    - BP 707
    - 59507 Douai-Cedex