Jose Artetxe idazlearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute igandean

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 7a, 16:03

Azpeitiko Udalak ospakizun ekitaldia antolatu du iganderako

Ekainean Jose Artetxeri buruzko liburu bat argitaratuko dute (Urola Kostako Hitza)

Jose Artetxe idazlea 1906ko martxoaren 12an jaio zen Azpeitian (1906-1971). Igandean, bada, ehun urte beteko dira, eta mendeurreneko ospakizunak antolatu ditu Udalak. "Idazlearen ohorezko ospakizun txiki bat antolatu dugu".

11:00etan, Esklabetako elizan elizkizuna izango da, eta ondoren, anbulatorio aurrera joango dira, bertan baitago Jose Artetxeren irudia. 12:15etik aurrera, irudiaren aurrean hainbat ekitaldi antolatu ditu Azpeitiko Udalak: aurreskua, lore eskaintza, Joxe Lizaso bertsolaria, Imanol Elias idazlearen hitzaldia...

Jose Artetxeri buruzko liburu bat ere prestatzen ari direla adierazi du Udalak. "Euskal Herriko Adiskideen Erret Elkartearen ekimena da liburuarena, elkarte horretako kidea izan baitzen Jose Artetxe". Liburuan, hainbat idazlek eta historiagilek parte hartuko du, eta ekainerako bukatuta edukiko dutela azaldu dute. Ekainaren 17an Azpeitiko udaletxeko areto nagusian aurkeztuko dute idazleari buruzko liburua.