Lan Mobel Iraurgi taldea mailari eutsiko diolakoan dago

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 23a, 16:02
Atzo, asteazkena, Galdakaora joan ziren entrenatzaile taldea.

Azken bost partidetatik bakarra irabazi duen arren, taldea "indartsu" dago eta "hiru partida irabaztea besterik ez du behar"

Iraurgi Saskibaloiko Lan Mobel taldea momentu erabakiorra bizitzen ari da. Azken lau partidak galdu izanak hausnarketa egitera bultzatu du lehen taldea. Egoera larria ez den arren, balantzea egiteko aprobetxatu du elkarteak. Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehendakariaren iritziz, "mailari ez eustea istripua" izango litzateke.

EBA Ligan jokatzen ari diren lehendabiziko denboraldiko aurreneko itzulian bederatzi partidetatik sei irabazi ditu Lan Mobelek. Baina bigarren itzuliko bost partidetatik bakarra irabazteak erne jarri ditu guztiak taldean. Hamar norgehiagoka falta zaizkie denboraldia bukatzeko. Horietatik sei partida etxean jokatuko ditu Lan Mobel Iraurgik eta hiru partida irabaztearekin nahikoa izango dute mailari eusteko.

Lehen taldearen balantzea egiterakoan Jose Luis Zubizarreta Xubik bi gauza aipatzen ditu: "Batetik, taldea osatzeko orduan EBA Ligan zegoen maila ezagutu ez izanak jartzen zuen muga; eta bestetik, taldeko bi jokalariek izan dituzten lesioek". Hauei aurre egiteko "taldeak indar gehiagorekin" jokatu duela adierazi du Iraurgiko lehendakariak. Gainera, zaletuek babesa erakutsi dio taldeari etxean jokatu dituzten partida guztietan. Bataz beste 500 lagun elkartzen dira larunbatero Azpeitiko Kiroldegiko harmailetan Lan Mobel Iraurgi ikusteko. "800 lagun" ere bildu dituzte partidaren batean edo bestean.

Proiektu globala

Iraurgi Saskibaloi elkartearen egitasmoa "osotasunean" ulertzen du zuzendaritza batzordeak: lehen taldea, federatutako taldeak, zaletuak, teknifikazio eskola, entrenatzailea, epaileak... 29 urteko ibilbide luzea bete du elkarteak eta gaur egun 750 bazkide inguru ditu. Aurten egin dute estrainekoz bazkideak lortzeko kanpaina. 13 talde dauzka Gipuzkoa mailan jokatzen. Federatutako jokalariez aparte, 150 lagun aritzen dira saskibaloian elkartearen barruan. Entrenatzaile ugari dituzte Azkoitian eta Azpeitian, baina zailagoa egiten zaie arbitroak aurkitu eta hezitzea.

Helburu asko lortu badituzte ere, erronka ez dela inoiz amaitzen dio Iraurgi Saskibaloi elkarteko lehendakariak "Ilusioa sortzeko eta ziklo oso bat betetzeko gai izan behar dugu, jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasatu eta zuzendaritza batzordeko kide bezala bukatuz". Lehen taldea eta Ipar Project nesken taldea erreferente bihurtu nahi dituzte, baina maila guztietan taldeak izatea eta ahalik eta gazte gehien saskibaloian aritzea ere helburuen artean daude.

.40 entrenatzaile izan dira Galdakon

Iraurgi Saskibaloi elkarteak Azkoiti eta Azpeitiko 40 entrenatzaile elkartu zituen atzo, asteazkena, Galdakaon egitekoa zen ikastaroan parte hartzeko. Lau orduko ikastaroan erasoaren eta defentsaren tekniken inguruan trebatzen aritu ziren guztiak. Maila ezberdinetan neska eta mutilekin aritzen diren entrenatzaile hauek Figueroa eta Junoy adituen azalpenak entzuten izan ziren, ondoren eurek entrenatzen dituzten taldeetan landu ahal izateko.

Larunbateko partida

Lan Mobel-Leon
Jardunaldia. 21.a.
Eguna. Otsailaren 26a, larunbata.
Ordua. 18:30en.
Tokia. Azpeitiko Kiroldegia.
Epaileak. Jose Manuel Jimenez Palacios eta Roberto Gonzalez Crespo.
Sarrera. Doan, Iraurgi Saskibaloi elkartearen tabernan. Gaurtik aurrera jaso daitezke.