Airearen kalitate eskasa salatu dute ekologistek

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 23a, 16:02

PM10 partikula maila gehiegizkoa dela esan dute Ekologistak Martxan eta Sagarrek (Urola Kostako Hitza)

Ekologistak Martxan eta Sagarrak taldeek Azpeitian, Arrasaten, Beasainen, Lezon eta Errenterian arnasten den "airearen kalitate eskasa" dela salatu dute. Talde hauen arabera, udalerri hauek PM10 partikularen baimendutako maila gainditu dute. "Partikula kutsakor honek arnasketan eta bihotzean arazoak eragiten ditu". Biriketan pilatzen direnean silikosia eta asbestosia sortu dezakete. Gainera asma kasuak areagotu ditzakete.

Bestelako ondorioak

Ekologista talde hauen arabera, trafikoaren dentsitateak sortzen ditu partikula kutsakor gehienak. Hala ere, bada PM10 kutsadura sortzaile gehiago ere: industria mailako konbustioa; ikatzaren, konbustolioaren eta dieselaren errekuntza; industria prozesuak; suteak, eta haizearen higadura, hain zuzen ere. PM10ak materialak kaltetzen ditu eta landareen fotosintesia eragozten du. Gainera, ikusgaitasuna gutxitzen dute eta lainoak sortzen laguntzen dute.