Ostiralean izango da III. Erniarraitz sariketako finala

Uztarria 2006ko ots. 21a, 17:02
Finalean kantatuko duten bertsolarien artean Beñat Lizaso izango da azpeitiar bakarra.

Finala Azpeitian, Betharrametan, izango da 22:00etan

Bertan Alaia Martinek, Beñat Gaztelumendik, Iñaki Apalategik, Alaitz Sarasolak, Beñat Lizasok eta Unai Muñoak kantatuko dute

Ostiralean, otsailaren 24an, Betharrametan 22:00etan izango da III. Erniarraitz sariketako finala.

Guztira 18 bertsolari gipuzkoarrek hartu dute parte sariketa honetan. Finalerako, ordea, Azkoitiko, Zumaiako eta Zestoako kanporaketetako irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten hiru bertsolariak sailkatu dira. Hau da: Azkoitiko saioko irabazlea, Alaia Martin (340,75); Zumaiako saioko irabazlea, Beñat Gaztelumendi (341) eta Errezilgo saioko irabazlea, Iñaki Apalategi (353,75). Eta horiei, puntu gehien lortu dituzten hiru bertsolariak gehitu zaizkie; Alaitz Sarasola (339,5), Beñat Lizaso (336,75) eta Unai Muñoa (334). Ostiraleko saioan Jokin Uranga ariko da aurkezle lanetan.

Antolatzaileen hitzetan, "hiru saioetan jendeak oso ongi erantzun du eta saio bero eta politak izan dira; agian, beroena Errezilgo kanporaketa izan da. Hirugarrena zelako edo bertsolariek ere gehiago asmatu zutelako, baina saiorik puntuatuena ere bera izan da". Gauzak honela, "final polit bat izateko osagai guztiak daudela" diote.

Gainerako parte-hartzaileen puntuaketak:

Aitzol Barandiaran (332,75 puntu)
Agin Rezola (330,75 puntu)
Unai Gijarro (328,5 puntu)
Aritz Etxeberria (327,75 puntu)
Iban Urdangarin (327,25 puntu)
Ruben Gorrotxategi (326 puntu)
Mikel Berasategi (306,75 puntu)
Aritz Aranburu (304,25 puntu)
Egoitz Eizagirre (295,5 puntu)
Mirari Martiarena (286,5 puntu)
Arkaitz Zelaia (278,25 puntu)
Jokin Gijarro (262,75 puntu)