Gazte Eguna aurkeztu dute hainbat taldek

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 13a, 15:02

Larunbatean, otsailaren 18an da, eta hitzaldi zikloan ateratako ondorioak aztertuko dituzte

Bazkaria, kalejira eta kontzertuak ere antolatu dituzte (Urola Kostako hitza)

Datorren larunbaterako, otsailaren 18rako, Gazte Eguna antolatu dute Azpeitiko gazteek. "Azpeitiko lurra iraultzeko eguna izango da, ondoren landatutako kimuak ernatu eta loratu daitezen", Gaztetxeko kideen esanetan.

Gazte Egunean, aurreko astean bukatu zuten hitzaldi zikloan ateratako ondorioez eztabaida antolatu dute. Bost astetan 11 hitzaldi egin dituzte, eta batez beste hogei lagun izan dira hitzaldietan, "etxebizitza, feminismoa, lan baldintzak, euskara, hedabideak, errepresioa, proiektu txikitzaileak, kultura, festak, musika, gaztetxeak eta gazte asanblada izan dira landu ditugun gaiak. Guztietan Euskal Herriko errealitatea aztertu dugu eta gero Azpeitiko gazteon errealitatean sakontzen saiatu gara", esan dute.

Gazte Egunean aurrera begira arazoei aurre egiteko zer egin daitekeen erabakiko dute: "Gaur egungo sistema kapitalistak balore jakin batzuk barneratzen dituen bizi eredua bultzatzen du, eta honek azpeitiarroi eragiten digu. Horregatik, herriko gazteon balore eta errealitatearen azterketa egin, gazteok ditugun hutsuneetan antolatu eta zein borroka egin erabakiko dugu".

Gazte Eguna

Otsailak 18, larunbata
11:00etan. Hitzaldi zikloan bildutako ondorien azterketa.
14:00etan. Bazkaria eta ondoren malabareak.
19:00etan. Aldarrikapen kalejira, "alaia eta koloretsua".
22:30ean. Kontzertua. KK Zaharra, Street Girls eta Parabelum musika taldeekin.