Aldundiak 24.994.191 euro inbertituko ditu Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 30a, 15:01

Aldundiaren 2006 urteko ekarpenak eta inbertsioak 16.294.191 eurokoak dira (Urola Kostako Hitza)

Foru Aldundiko Batzar Nagusiak abenduaren 22an onartu zituen 2006ko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak. Azpeitian 24.994.191 euro inbertitzea erabaki zuen. Aurtengo ekarpen eta inbertsioak 16.294.191 eurokoak dira eta Aldundiak konpromiso kredituetan 8.700.000 euro gordeko ditu Azpeitirako. Konpromiso kredituen baitan Azpeitiko saihesbiderako 7.900.000 euro jarriko ditu Aldundiak eta Soreasuko kultur gunerako 800.000 euro.

Foru Aldundiaren esanetan, dagoeneko Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak ekarpen eta inbertsioen berri eman dio Azpeitiko alkateari. Txabarrik alkateari adierazi dionez, "inbertsio eta gastu hauek gardentasun politikoaren, Aldundiaren eta udalen arteko lankidetza zabalaren eta lurraldean garapen orekatu eta iraunkorraren aldeko apustu garbiaren isla dira".

Aldundiaren Inbertsioak Azpeitian

Loiolako santutegiko espiritualtasun zentrua. 450 urteurrena. 90.000 euro. Diputatu Nagusia sailetik.

Suhiltzaileak. Azpeitiko suhiltzailen parkean 161.200 euro inbertituko ditu. Suhiltzaileen boluntarioen lankidetzari buruzko Udal hitzarmenerako 50.000 euro aurreikusi ditu Foru Administrazioaren Kalitaterako departamentuak eta suhiltzaileen gastuetarako 135.000 euro.

Saihesbidea. 500.000 euro Bide Azpiegituretako departamentutik. Landeta-Zapatari arteko saihesbidea egiteko, berriz, 350.000 euro inbertituko ditu. Bestetik, konpromiso kredituetan 7.900.000 euro jarriko ditu Aldundiak saihesbiderako.

Beste errepideak. Errepideen artapen obretarako 670.383 euro aurreikusi ditu aurtengorako Aldundiak.

Bidegorriak. Azpeitian bidegorri sarea egiteko 350.000 euro aurreikusi ditu. aurtengorako Garapen Iraunkorreko departamenduak.

Irisgarritasun plana. Lurralde antolaketa eta sustapenerako departamentuak 202.561 euro jarriko ditu.

Fiskalitatea eta finantzak. Fiskalitaterako eta finantzetako departamentuak 117.052 euro inbertituko ditu.

Gizartekintza. Aldundiko Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko departamentuak 758.631 euro inbertituko ditu aurten eta Gizarte Politikarako departamentuak 1.442.392 euro (San Martin Fundazioarekin egindako hitzarmenean 445.826 euro; zaharren egoitzen plazak sortzen eta egokitzea 453.315 euro; Azpeitiko adimen gaixoentzako zentro okupazionalean 102.105 euro eta etxeko laguntza zerbitzuan 221.988 euro).

Landa ingurumena. Landa Ingurunearen Garapenerako departamenduak 1.551.392 euro inbertituko ditu. Horietatik 320.000 euro gizarte ekipamenduak eta azpiegiturak hobetzera bideratuko ditu.

Kirolgi Fundazioa. Gizarte eta Erakunde Harremanetarako departamenduak 14.336 euro inbertituko ditu.

Ezohiko Plana. Ezohiko Planaren baitan aurten 2.800.000 euro inbertituko ditu Aldundiak Azpeitian.
-800.000 euro ekipamendu eszenikoetarako.
-400.000 belar artifizialeko futbol zelaia gaitzeko.
-600.000 euro, Azpeitia-Urrestilla arteko bidezoruak sendotzeko.
-652.000 euro, Loiolako Granada Dukearen etxea birgaitzeko.
-48.000 euro, Loiola 2006rako.