Feran Treviño eta Ladis Rivas: "Entzuten dugun reggae ona imitatzeko ere talde on bat behar da"

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 27a, 11:01

Urrestillan entseatzen duen Urola Kostako 12 Tribu musika taldeak Azkoitiko Matadeixen aurkeztuko du gaur (hilak 27) disko berria: Rebel Inna Nazarin Street (Urola Kostako Hitza)

Urola Kostako 12 Tribu taldeak Azkoitiko Matadeixen joko du gaur, 23:00etatik aurrera. Urrestillan dute entsegu lokala, eta eskualdeko hainbat lagun biltzen ditu gaur egun Euskal Herriko reggae talde bakanetakoa denak. Taldeaz, azken lanaz, eta reggae musikaz solasean aritu gara Feran Konsul Treviño eta Ladis Rivas Rasla taldekideekin, Zarauzko Azken Portu auzoan duten lokalean.

Taldearen bakarkako hirugarren diskoa aurkeztuko duzue gaur: Rebel Inna Nazarin Street. Aurrekoekin alderatuta, zer du nabarmentzekoa?

**Feran Treviño**: Ni etorri berria naiz. Hamaika urte dituen taldean duela bi urtetik nago, beraz, aldaketez ezin dut askorik hitz egin.

Ladis Rivas: Lehen diskoa Urrestillan grabatu zen, 8 pistako bitarteko batekin. Etxe giroko zerbait izan zen, ahal zen moduan. Handik bospasei urtera iritsi zen bigarren diskoa, eta hura ere Urrestillan grabatu zen, baina Santanderren nahastu. Hirugarren diskoa, berriz, soinu aldetik indartsuagoa da, askoz zainduagoa, eta kalitatean ere antzematen da hori. Santanderren egin dugu dena, hango lagun baten estudioan, eta soinu aldetik nabaritzen da aldaketa.

**Treviño**: Soinu aldetik ez ezik, abestiak ere ezberdinak dira. Lehengo abeslariaren kantatzeko era eta nirea ez dira berdinak. Abesti zaharrak zuzenekoetarako moldatu behar izan ditugu nire abesteko modura, eta grabatu gabe genituen abestiak ere moldatu egin ditugu, nire erara. Soinua ere diferentea da, eta taldea ere, aldaketak aldaketa, zortzi bat lagunekin egonkortu egin da. Estudioan, Santanderko lagunaren eskua oso garrantzitsua izan da, bai grabatzean eta baita nahasketak egiterakoan ere. Berarekin izan dugun komunikazioa giltzarria izan da diskoan islatu dugun soinua lortzeko.

Reggaea egiten jarraitzen duzue. Dena dela, musikalki, zer nabarmenduko zenukete disko honetan?

Rivas: Badira aldaketak. Jamaikarrek eta, batez ere, Londresen bizi diren jamaikarrek grabatzen duten bezala dago grabatuta. Nolabait, ildo hori jarraitzen du diskoak. Haize instrumentuak, esaterako, hirurak batera grabatu genituen. Estilo horri heltzen dio diskoak, eta 70eko edota 80ko hamarkadetako soinu hori bilatzen du.

**Treviño**: Haize sekzioa askoz landuagoa dela nabarmena da disko honetan. Hiru saxo ezberdin sartu ditugu, eta haizeen armoniak oso landuta eta borobilduta daude.

Rivas: Soinu aldetik, esaterako, pianoa grabatzeko, benetako piano bat erabili dugu. 70eko hamarkadako benetako piano bat. Gaur egun, ordenagailu bidez lortzen dira soinu asko, baina jatorrizkoetara jotzen badugu lortzen den soinua ezberdina da, eta hori oso ondo zaindu dugu. Alde horretatik, oso gustura gelditu gara.

Sormenari dagokionez, abestiak denen artean sortzen dituzue, ala norbaitek oinarria idatzi eta gero osatzen joaten zarete?

**Treviño**: Denetik dago. Batzuk Ladis eta bion artean egin ditugu hemen bertan, Azken Portuko lokalean. Baseak, abesteko era eta gitarra pixka bat atera, eta oinarri hori eramaten dugu Urrestillako entsegu lokalera, mini-disk batean edo. Taldekideei gustatuz gero, instrumentuak gehitzen joaten dira: haize instrumentuak, bateria...

Hitzak gero etortzen al dira?

**Treviño**: Abesti batzuetan batera etorri dira. Beste batzuetan, musika egin eta gero erantsi dizkiogu hitzak. Denetik dago.

Rivas: Dena dela, normalean, hitzak lehenago idazten ditugu.

**Treviño**: Euskaraz eta ingelesez egin ditugu disko honetan ere abestiak. Hala ere, asko, instrumentalak dira. Hurrengo diskorako, erdiak euskaraz eta beste erdiak ingelesez egin nahiko genituzke. Ingelesez reggae asko entzun dugu, eta gauza asko ingelesez ateratzen zaizkigu. Hitzen bukaerak, esaldien loturak, ingelesez errazago lotzen ditut nik behintzat.

Topikoa da, baina ez da reggaea euskaraz egiten duen talde askorik.

**Treviño**: Ez. Gipuzkoan, ia gu bakarrik geratzen gara. Reggaea gustukoa du jendeak, baina ez da batere erraza reggae ona egitea. Entzuten dugun reggae ona imitatzeko ere, talde on bat behar duzu, haize instrumentuekin, bateria on batekin eta gainerakoekin. Nolanahiko taldea ez behintzat. Eta ez da batere erraza horretarako jendea aurkitzea. Reggaea entzuteko prestatuta dago jendea, baina egiteko ez hainbeste.

Rebel Inna Nazarin Street. Zer dio izenburuak?

**Treviño**: Santanderko estudioa Nazarin izeneko kale batean dago. Eta diskoa han grabatu dugunez, eta estudio hartan grabatuko den azken diskoa izan denez, hainbeste fruitu eman dituen kale bati egindako omenaldi ttipia izan da.

Ekoizpenari dagokionez, zuek ekoitzi duzue diskoa, disketxeen bitartekaritzarik gabe.

Rivas: Hori da. Guk ordaindu dugu dena, gure patrikatik. Lehen diskoak disketxe batekin argitaratu genituen. Honekin, berriz, ez digute ia kasurik egin. Gure lan eta ilusio guztiarekin landutako hamazazpi abestiko master batekin agertu ginen, eta entzun behar izan genituenak ez zitzaizkigun batere gustatu. Musikaz baino gehiago, haien arabera guk genituen asmoez, gure publikoaz eta abar aritu ziren.

Zein da zuen publikoa?

**Treviño**: Reggae zaleen artean dago gure publikoa. Hori zabaldu nahi dugu. Jende gazteak gero eta gehiago entzutea reggae musika. Horregatik jarraitzen dugu horretan, reggaea ebanjelizatzen, eta topikoak hausten. Reggaea ez da udako kontu bat. Musika oso serioa da, eragin handia duena, beste esparruetan, elektronikan... Jamaikarrengana jo gabe ere, hemen bertan urte osorako reggae serioa egiten dela erakutsi nahi dugu.

Rivas: Reggaeak eskatzen duen berezko soinua aurkitzea izan da urteotako ahaleginik handiena, reggae ona egin ahal izateko.

Benetan sinesten duzuen zerbaiten aldeko apustu zehatza dirudi...

**Treviño**: Horrela da. Hemen inor ez dago dirua irabazteko. Reggae mundua erabat erromantikoa da, eta gu ere horrelakoak gara. Reggaea aldarrikatu, diskoarekin galerarik ez izaten ahalegindu, eta lagunartean ondo pasatu. Taldean inor ez da profesionala. Horregatik, egiten dugun guztia bihotzetik ateratzen zaigu.