Eskualdeko telebistak eta euskara

Enekoitz Esnaola (kazetaria) 2006ko urt. 26a, 12:01

Ez dakigu noiztik, baina laster izango da: Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hamabost barrutitan, bakoitzean, legezko lau telebista kate digitalentzat tokia egongo da, ez gehiagorentzat.

Horra arte, gauza arrarorik ez.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak banatuko ditu lizentzia horiek, eta laster aterako du dekretua. EAEn Urola Kosta da hamabost barruti horietako bat.

Horra arte ere, zerarik ez da egon.

Gaur egun Urola Kostako lau telebista kate daude: Kaito Telebista, Izarraitz Telebista, Jai Txiki Telebista eta Zarautz Telebista. Laurek ere ez dute programazio propio handirik, baina egiten dutena, behintzat, euskaraz egiten dute.

Horra arte ere, gauza arrarorik ez; eskualde euskalduna da Urola Kosta eta logikoa da bertako telebistak euskarazkoak izatea.

Baina:

  • Urola Kostan (ere), eskualdeko euskarazko telebistarik gabe geratzeko arriskua dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, dekretuaren zirriborroan, barrutietarako ez du gorde lizentziarik euskarazko telebista lokalentzat.
  • Beraz, Eusko Jaurlaritza Urola Kostan (ere) gizartearen atzetik doa, hemen euskarazko lau kate daudelako eta ez dielako bermatzen haiei edo sor daitezkeen euskarazko beste kateei lizentziarik.
  • Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarentzat (EBPN), "estrategikoak" eta "lehentasun altukoak" dira tokiko euskarazko komunikabideak. Eusko Jaurlaritzaren dekretu zirriborro honek ez du betetzen EBPNk esaten duena, ez baitu euskara behar bezala babesten.
  • Horrela, Eusko Jaurlaritzak atea ireki die komunikazio enpresa handiei. Hau da, erdarazkoei. Dirudunei.
  • Eusko Jaurlaritzaren zirriborroak dio tokiko telebistetan euskararen presentzia, eskualdeko euskaldunen indizearen %70ekoa izatea bermatu beharko dela. Euskara sustatzeko %ekoa gehiago jarri beharrean, gutxiago. Atzera egitea da hori.
  • Eusko Jaurlaritzak dio kateok hemendik 10 urtera gaurko errealitate soziolinguistikora iritsi beharko luketela. 10 urtera? Lege hori gizartea baino hamar urte beranduago doa. Orduan, zertarako bestelako plan estrategiko zabalak gizartea euskararen bidean sartu ahal izateko, itxura egiteko? Koherentzia eza.
  • Eusko Jaurlaritzak ia-euskaldunak ez ditu kontuan hartu, eta horrek telebista lokaletan euskararen presentzia ez haztea esan nahi du. Eusko Jaurlaritzak ia-euskaldunak ederki hartzen ditu beste zenbait kasutan, datu batzuk puzteko edo. Hemen neurri eraginkorra hartzean, aldiz, ez.

Horiek dekretuaren zirriborroaren zera batzuk. Eta Eusko Jaurlaritzak dio euskarak, "lehentasunezko lekua" izango duela eta "gaztelania hutsezko tokiko telebista digitalari atea itxi" dizkiola.

Jakina, "gaztelania hutsezko tokiko telebista digitalari atea itxi" dio, hori hala da, baina euskarak ez du "lehentasunezko lekua". Horretarako, laster aterako duten legedian euskarazko kateak izateko bermea jarri behar da, eta, gero, Kontseiluak esan duen bezala, "zonalde bakoitzeko euskaldun proportzioaren araberako euskarazko kate kopuruak egon behar du".

Beste dena, itxurakeria da.