Xabier Alberdi: "Beste urteren batean jokatu eta erretiroa hartzeko ordua izango dut"

Uztarria / Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 13a, 18:01
Xabier Alberdi 'Beltza', Barakaldo futbol taldeko jokalaria.

Jaen utzi eta Barakaldo futbol taldera etorri da futbolaria

Euskal Herrira etortzeko gogoa zeukan, familia dela eta

Xabier Alberdi Beltza futbolaria berriro etxera itzuli da, Espainiako Bigarren Maila Bn Jaenen ari zen eta Barakaldo taldera etorri da; asteazkenean denboraldia bukatu arteko kontratua sinatu zuen. "Erretiratzeko garaia ere heltzen" ari zaiola dio, eta hori omen da berriro etxera etortzeko arrazoietako bat.

Nolatan orain Barakaldora?

Erretiratzeko garaia ere heltzen ari zait pixkanaka-eta. Gainera, orain familia bat dut, umea ere hurrengo urtean eskolara hasiko da. Aukera izan dut eta etortzea erabaki dut.

Zer moduz moldatu zara Jaenen?

Ongi, ongi moldatu naiz. Lagunartean ere giro ederra topatu dugu. Baina orain guztiok alde egin dugu. Bakoitzak bere bide hartu du eta orain Elgoibarko bat, Xabier Gurrutxaga, bakarrik gelditu da han.

Eta orain Barakaldora...

Bai, atzo joan nintzen kontratua sinatzera. Entrenamendu lasai bat ere egin nuen eta gaur, berriz, azterketa medikua egin didate.

Barakaldo ezagutzen al duzu?

Taldekide batzuk aurretik ere nirekin Burgosen egondakoak dira, eta beste taldekideak ere gehienak ezagutzen ditut. Izan ere, denok-denon kontra jokatutakoak izaten gara normalean. Azkoitiar bat ere bada taldean.

Zer moduz dago taldea?

Taldea taularen azken postuetan dago, promoziotik puntu batera baina nik uste jende ona dagoela eta ez dut uste estuasunik pasatuko duenik.

Igandean Reala Bren aurka jokatuko al duzu?

Ez dakit. Bi hilabete eta erdi inguru bajan izan naiz abduktoreetan haustura bat izan dudalako. Azken hilabetean entrenatzen aritu naiz, baina Jaeneko entrenatzaileak ere ez zuen nirekin asko kontatzen eta horrek ere zerikusia izan du hona etortzeko erabakia hartzean. Barakaldon ahal badute fitxa sartu behar dute. Horretarako, lehenik beste batzuei baja eman behar diete eta nahiko zaila izango da hori dena iganderako egitea. Baina gustura jokatuko nuke.

Nola ikusten duzu geroa?

Etorkizunari begira etorri naiz etxera. Hemen inguruan topatu nahi nuen zerbait Barakaldon, Real Unionen... Ekainera arte Barakaldon jokatuko dut eta hurrengo denboraldikoa nire menpe izango da. Beste urteren batean jokatu ahal bada eta erretiratzeko ordua izango da.

Lagun Onak-ekin ba al duzu harremanik?

Bai. Denboraldiaurrea egin aurretik Lagun Onakekin eta Aitor Zulaikarekin-eta hasi izan naiz entrenatzen. Zulaikak tartean behin beti deitu izan dit zer moduz nabilen jakiteko...

Nola ikusten duzu Lagun Onak?

Nik astelehenero begiratzen dut taulan ea zer egin duen jakiteko. Beti esan diet Bigarren B Mailara igo behar dutela, horrela kanpoan gauden guztiak bueltatuko garela-eta. Baina beti azken momentuan partidu bat falta izaten zaie goikoekin engantxatzeko.