Diasporakoak gerturatuz 'Hitza'-ren bidez

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 14a, 16:01
Mary Gaztambide eta Ion Izurza, NABOko lehendakaria eta sustatzailea, atzo, Donostian, Hitza egunkariekin, bileran.

Ipar Ameriketako Euskal Federaziokoak (NABO) Euskal Herrian daude eta Hitza proiektuaren berri jaso dute

"Oso interesgarria" iruditu zaie eta diasporakoei Hitzen weben berri emateko asmoa agertu dute

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ere milaka euskal herritar edo euskal jatorriko bizi dira, eta hango diasporako euskal etxeak (33) eta elkarteak biltzen ditu Ipar Ameriketako Euskal Federazioak (NABO; North American Basque Organizations). Badute Euskal Herriko berri, harremanen bidez, biltzarren bidez, euskal hedabide nazionalen webguneen bidez... Asmoa, 'Hitza'-ren bidez ere izatea da.

Hain zuzen, NABOko zuzendaritzaren ordezkaritza Euskal Herrian dago egun hauetan, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, "ideien trukaketa izateko helburuarekin", eta atzo (ostirala), Donostian, Hitza proiektuaren berri jaso zuten Mary Gaztambide lehendakariak eta Ion Izurza sustatzaileak. Ainara Lasa Bertako Hedabideetako Harreman arduradunak eta Leire Markuerkiaga 'Busturialdeko Hitza'-ren kudeatzaileak azaldu zizkieten proiektuaren xehetasunak (gaur egun zazpi Hitza daudela, 101 herriz eta hiriburu batez informatzen dutela...). NABOko ordezkarien ustez, "oso egitasmo interesgarria da Hitza, gertuko informazioa ematen duelako, eta euskaraz. Aurrerapauso handia da".

AEBetan euskal diasporakoek Euskal Herriko informazio orokorra jasotzen dute, baina ez horrenbeste euren herrietakoa, eta Gaztambideren eta Izurzaren iritziz, beraientzat Hitzen berri izatea "oso garrantzitsua" da, "Hitzetako weben bidez herri informazioa jasotzeko aukera dugulako" ('Busturialdeko Hitza'-k, oraingoz ez du weba, proiektua sortu berria baita). "Gainera, aukera bat da NABOren webean Hitzen webetara loturak jartzea", zioten.

Ipar Ameriketako Euskal Federazioak euskararen irakaskuntzan zentratzeko asmoa du. "Euskarazko komunikazioan gehiago eragin nahi dugu". Euren webean Astero izeneko buletina sortuko dute, hango eta hemengo albisteekin, eta euskarari tokia egingo diote.