Punk-oi! asteburua Gaztetxean

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 13a, 15:01

Gipuzkoako hamahiru musika talde ariko dira Holidays in Bardulia musika jaialdian (Urola Kostako Hitza)

Holidays in Bardulia Gipuzkoako punk-oi! eta antzeko taldeak biltzen dituen musika jaialdia da. Orain dela bi urte hasi ziren antolatzen, eta aurten Azpeitiko Gaztetxean egingo dute gaur (hilak 13) eta bihar; hamahiru musika taldek joko dute. Informazio gehiago gaztesarea.net webgunean.

Antolatzaileei, 2003aren bukaeran sortu zitzaien talde asko biltzen dituen kontzertu handi bat antolatzeko ideia. "Talde asko batuta, indar gehiago egitea zen helburua, eta halaber, hasiberriei jende kopuru zabal baten aurrean aurkezteko aukera eman nahi zitzaien, era berean hauek elkarren arteko harremana estutuz".

Lehen kontzertua 2004ko urtarrilean egin zuten Andoaingo Gaztetxean. "Bi egunetan hamahiru talde pasatu ziren oholtzatik. Batez beste 300 lagun izan ziren han. Jendearen erantzuna ikusita esperientzia errepikatzea erabaki zen". Bigarren edizioa, iaz, Oñatiko Gaztelekuan egin zuten. Hirugarren edizioa Azpeitiko Gaztetxean izango da. Gaztetxetik eskaera bat ere egin dute: "Gaztetxe barruko zein kanpoko edozer eta edonor bere horretan uzteko (batez ere bizilagunak) eta kanpoaldean ahal den zarata gutxien egiteko".

Egitaraua

Urtarrilak 13, gaur.
22:00. Gaztetxean. Taldeak: Orreaga 778 (Añorga-Hernani), Plan B (Donostia),Txorlitohead (Donostia) eta Kalekumeak (Donostia).

Urtarrilak 14, larunbata.
17:00. Gaztetxean. Taldeak: Suburbio (Hernani), Malos Tiempos (Pasai-Donostia), Defecto Humano (Irun), Doubling Boys (Bergara), Aggressive Combat (Arrasate), Destitxie (Azpeitia), Apunta! (Azpeitia), Enboskada (Arrasate) eta Never Surrender (Arrasate).