Aimar Irigoien: "Hilabete entrenatu gabe egon naiz, eta urduri nengoen arren lan polita egin dut"

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 11a, 13:01

Abenduaren erdi aldera bere aita hil zen eta ordundik plazan erakustaldirik eman gabe zegoen Irigoien

Asteburuan Asteasun aritu zen

Aimar Irigoien harrijasotzaile errezildarra hilabete inguru egon da entrenatu gabe eta plazara irten gabe. Abenduaren erdi aldera bere aita hil zen eta ordundik plazan erakustaldirik eman gabe zegoen Irigoien. Errezildar gazteak, aita izaten zuen erakustaldietan laguntzaile eta entrenatzaile eta joan den asteburuan Asteasuko plazan egin zuen bere aita gabe lehenengo erakustaldia.

Zer moduz joan zen Asteasuko erakustaldia?

Egia esan, oso ondo joan zen, lan polita egin nuen. Hasieran oso urduri nengoen, hilabete guztia entrenatu gabe egon naiz... baina oso gustura nago. Gainera jendeak ere asko lagundu zidan, asko animatu ninduten eta txalo asko jaso nituen.

Hemendik aurrera nork lagunduko dizu plazan?

Nire osaba beti hor egon izan da eta hemendik aurrera ere berak laguntzen jarraituko dit. Kuadrilako bat edo beste ere beti laguntzeko prest izaten da eta hori ikaragarri eskertzen diet guztiei.

Noiz egingo duzu hurrengo erakustaldia?

Ez dakit ezer oraindik. Prestatzen ari naiz eta prest nagoela iruditzen zaidanean erakustaldiren bat egingo dut.

Orain, marka bereziren bat prestatzen al zabiltza?

Bai hala ari naiz. Bi eskurekin harri handiarekin aritu nahi dut. Zenbat kiloko harria erabiliko dudan ez dakit oraindik, prestatzen ari naiz eta horren arabera izango da harriaren pisua ere. Ondo ikusten naizenean eta ondo prestatuta nagoela iruditzen zaidanean irtengo dut plazara. Non oraindik ez dakit baina prest nagoenean irtengo dut.