Ion Etxeberriak Faustino txapelketako finala jokatuko du larunbatean

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 12a, 11:01
Ion Etxeberria erremonteko jokalaria.

Larunbatean, Galarretan, Koteto Ezkurrarekin osatuko du bikotea, eta Zeberio II.a-Auzmendi izango dituzte aurkari

Webgune honetan ostiralean on-line izango da Ion Etxeberria (Urola Kostako Hitza)

Ion Etxeberria azpeitiarrak Koteto Ezkurrarekin batera erremonteko XXXV. Faustino Txapelketako finala jokatuko du Zeberio II.a-Auzmendi bikotearen aurka, larunbatean 17:00etan, Galarretan. Azpeititik hainbat zaletu joango dira herriko jokalaria animatzera.

Gaur (hilak 12) finalerako materiala aukeratzeko hitzordua dute lau erremontistek. 12:00etan, Hernaniko Galarreta pilotalekuan elkartuko dira finalerako hamar pilotak aukeratzeko.

Larunbatean, finala hasi aurretik, erremontistek Aimar Olaizola pilotariari omenaldia egingo diote, "iaz urte osoan egindako lan onagatik".

Antolatzaileek partida ikusteko sarrerak 25 eurotan jarri dituzte. Telebistaz partida ikusteko aukera ere izango da, eta ETB1ek zuzenean emango du.

Bihar, 16:00etatik 17:00ak bitartean, Ion Etxeberria on-line izango da www.uztarria.com webgunean. Nahi dutenek hari galderak egiteko aukera edukiko dute.

Ion Etxeberria Erremonteko jokalaria

"Koteto Ezkurra bikote izateak alde onak eta txarrak ditu"

Ion Etxeberria erremonteko jokalariak XXXV. Faustino Torneoko txapela jokatuko du larunbatean, Koteto Ezkurrarekin bikotea osatuz. Aurkari Zeberio II-Auzmendi izango dituzte, Galarretan. 22 urte ditu Ion Etxeberriak, eta txikitatik aritu da pilotan jokatzen.

Haurra zinenetik pilotan jokatu duzu. Nolatan aukeratu zenuen erremontea?

Aurrena eskuz jokatzen nuen, baina 15 urterekin erremontean hasi nintzen, Izarraitz pilotalekuan. Handik aurrera erremontean jokatzen jarraitu dut. Urko anaia zaharrenak ere erremontean jokatzen zuen, etxean hura ikusten nuen... Badakizu beti zaharrenaren pausoa segitu nahi izaten da. Matxinbentan familia daukagu eta Matxinekin-eta askotan jokatu izan dugu erremontean. Urko anaia ere haren bitartez hasi zen erremontean.

Nola joan da Faustino Txapelketa?

Ondo. Bost bikotek parte hartu dugu. Aurrena elkarren artean jokatu genuen eta bosgarren gelditu zen bikotea txapelketatik kanpo gelditu zen. Gero, laugarrenek hirugarrenen aurka eta aurrenek bigarrenen aurka jokatu behar izan dute. Ezkurra eta biok partida guztiak irabazi genituen, eta aurrenak gelditu ginen, baina aurkarietako batek, Lizasok, mina hartu zuen eta finalaurrekoa jokatu gabe zuzenean finalera pasatu gara.

Koteto Ezkurra duzu bikotea. Hori ona al da?

Ezkurra bikote izateak alde onak eta txarrak ditu. Askok uste dute Ezkurrarekin jokatuz gero denak irabazi behar direla, baina ez da horren erraza, maila handia dagoelako. Urte osoan ondo ibiltzen diren jokalariekin osatzen dituzte bikoteak, eta irabaztea ez da erraza.

Partida piloa jokatzen duzue erremonteko jokalariok. Hainbesteko zaletasuna al dago?

Astean bi partida jokatzen ditugu, eta hilean 10-11; udan gehiago. Egia esanda, entrenamenduak-eta egiteko ez da denbora asko gelditzen. Zaletasuna badago bai, ostegunero eta larunbatero pilotalekua zaletuz bete egiten da, astearteetan etortzen da ikusle gutxien pilotalekura.

Azpeitian erremontean jokatzen duzuenak, bazarete batzuk. Baina herrian zaletuak hainbeste al dira?

Azpeitiko erremonte eskolan ibilitakoak jokalari asko gara, eta azpeitiarrak 6-7. Galarretako harmailetan azpeitiar asko ikusten da, baina partidak herrian bertan jartzen direnean ez da horrenbeste ikusle biltzen. Ez dakit hori zergatik izan daitekeen.

Larunbatean animuak ematen lagunak joango al dira Galarretara?

Etxe Zuri tabernan, Galarretara joateko izena emateko zerrenda jarri dute eta lagunak eta senideak behintzat han izango dira.