'Otsobeltz', Azpeitiko armarritik kalera

Oihana Elduaien 2006ko urt. 11a, 16:01

Berria egunkariko Tartea atalean Andoni Salegik egindako Otsobeltz komiki liburuari buruzko erreportai hau argitaratu dute

Otsobeltz komiki liburua argitaratu du Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak. Andoni Salegi azpeitiarra da liburuaren egilea.

Azpeitiko armarriko otsoa kalean jarri, eta "herritarrok noraino irits gaitezkeen azaltzea edo horretaz hausnarketa egitea" nahi izan du Andoni Salegik, kaleratu berri duen Otsobeltz komiki liburuarekin. Uztarria Azpeitiko Kutur Koordinakundeak argitaratu du liburua. Uztarria aldizkarirako sortu zen Otsobeltz-i segida emanez.

.1999an Uztarria Kultur Koordinakundea aldizkaria prestatzen hasi zenean, hango kide Josu Azpillagak biñeta bat egitea proposatu zion Salegiri. Uztarriak "egile berriei lekua eman" nahi die, eta Salegik Arte Ederrak ikasi zituenez, eta marrazkiak egiten zituela bazekitenez, hari proposatzea erabaki zuten Kultur Koordinakundeko kideek. "Pertsonaia bat edo asmatu eta haren gorabeherak kontatzea proposatu zidaten",dio Salegik, "ideia gustatu, eta halaxe sortu zen Otsobeltz".

Azpeitiko armarritik hartu zuen otsoa. "Itxura oso erakargarria du, mantxa beltza da, eta asko nabarmentzen da", dio, eta beraz, estetikoki gustuko du. Gainera, balio sinbolikoa ere topatu dio Salegik. Azpeitiko armarrian bi otso azaltzen dira pertz handi bat erdian dutela. "Otsoa senaren irudia da, basatia; eta pertza, berriz, etxeko tresna da. Horregatik otzandutako otsoak iruditzen zaizkit Azpeitiko armarrian daudenak". Eta otso horietan euskaldunak ere isla daitezke Salegiren ustez: "Euskaldunak ere lehen mendian eta baldintza gogorragoetan bizi ziren, eta pixkanaka gizarte honetara moldatu gara, ondorioz ohitura batzuk hartuz". Ohitura horietako batzuk "naturalak" direla uste duen arren, beste batzuk "geure buruaren kontra" doazela ere uste du Salegik. Azken horiek aireratu nahi ditu, hain zuzen.

Kaleko gaiez hausnarketa

Hainbat gai lantzen ditu Salegik liburuan, Otsobeltzen bitartez. Sexua, ingurugiroa, teknologia berriak, abertzaletasuna, Azpeitiko gaiak... Gai batzuk oso Azpeitikoak diren arren —autoetako zaletasuna, edo zezenetakoa— Euskal Herri osorako balio dezaketenak ere badira. "Azpeitia herri txikia da, baina Euskal Herrian horrelako herri asko daude. Azpeitia ez da hain berezia. Azken finean gehienok tankerako martxa daramagu".

Inspirazioa "kaletik" hartzen duela dio. Salegik gustuko du jendearekin egotea, eta mota desberdineko jende askorekin egoten dela dio: "Koadrilakoak, laneko jendea, dendan ezagutu dezakedan... Egunerokotasunean ikusten ditut gauzak, eta ideiak ere ematen dizkidate... Askotan, berriz, mantxa bat pintatzen hasten naiz, eta hortik ateratzen da zerbait".

Kaletik hartutako gai horietaz guztietaz pentsaraztea nahi du Otsobeltz-en egileak. "Ez dut alternatibarik eskaintzen, eta neu ere hor agertzen naiz... Zertan ari garen geu konturatzea lortu nahi dut". Hori guztia modu "politean" kontatuta, irakurtzeko zerbait erakargarria eginez. Izan ere, Salegiren iritzian, kritika hori "modu serioan" egiten baduzu, "atzerakada ematen du, gehiegi errepikatuta dagoelako", horregatik, "ipuin xelebre modukoak" egin ditu.

Umeen ipuinen erreferentziak ere badira komiki liburuan, hain justu, Hiru txerritxoak eta Txanogorritxu ipuinak azaltzen dira, moldatuta. "Txanogorritxuren istorioaren azpian, beste oinarri bat ere bazegoela entzunda nuen, emakumearen nerabezaroari buruzkoa. Otso beltza emakumearen tentazioa izan daiteke, eta hor emakumeari jarri zaizkion baloreak eta kritikatzen dira. Istorio horretatik abiatu, eta neurea jarri nuen nik".

Kaletik sarera

Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundearen ekimenez sortu zen, beraz, Otsobeltz. Aldizkarian 41 pasadizo kontatu zituen, eta azkenekoan, kamioiak zapaldu eta hil egin zen. Azpeititik kanpo zebilen Salegi, eta buruan beste gauza batzuk zituenez, uztea erabaki zuen. Geroago, berriz hasi zen Uztarria aldizkarian biñetak egiten. Oraingoan, ordea, ez ditu Otsobeltzen istorioak kontatzen. Liburua flash back gisako zerbait izan dela dio. "Neuk beti izan dut komiki liburu bat egiteko gogoa, eta Uztarriak proposamena egin zidanean, gustora hartu nuen". Beraz, Azpeitiko kaleetan bizitako hainbat pasadizorekin berriz ere agertu zen armarriko otsoa.

Orain, formatu berria du, eta erronka berria. www.uztarria.com atarian komiki bloga egiten hasi da Salegi, eta gustora dago, "esperimentatzeko aukerak" ematen dizkiolako. Han, Otsobeltz azalduko da, baina ez da azalduko den bakarra izango. Hori bai, hausnarketa egongo dela gauza segurua da.

Armarriko beste otsoa pertzaren ondoan dagoen bitartean, kalera ateratako Otsobeltzek hainbat bizipen izango ditu oraindik, sarean.