Iñigo Saizar: "Ez dut sekula pentsatu beste talde batean futbolean jokatzen hastea"

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 7a, 11:01

Iñigo Saizar Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak taldeko kapitaina da; gaur Sestaoren aurka jokatuko dute (Urola Kostako Hitza)

Iñigo Saizar azpeitiarra da, eta Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldean jokatzen du. Aurtengo denboraldian aurreneko aldiz kapitain lanetan dabil. Gaur Lagun Onak-ek Sestaoren aurka jokatuko du Garmendipen, 16:45ean. Sestao aurrena doa sailkapenean.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?

Txiki-txikia nintzela hasi nintzen futbolean jokatzen. Ez dakit zenbat urte izango nituen, bost urte edo. Hasieran eskolarretan jokatzen nuen.

Lagun Onaken jokatzen hasi zinenean, zein mailatan jokatzen zenuen?

Lagun Onaken infantil mailan hasi nintzen jokatzen.

Zein postutan jokatzen duzu gaur egun?

Gaur egun, erdi kanpoan jokatzen dut.

Noiz hasi zinen Lagun Onakeko lehenengo taldean jokatzen?

Ni lehen taldean hasi nintzenean, Espainiako Hirugarren mailan zegoen taldea. Lehenengo taldearekin jokatzen hasi nintzenetik beti Hirugarren maila horretan egon da. 19 urte nituen lehenengo taldean jokatzen hasi nintzenean. Dagoeneko bost urte daramatzat lehenengo taldearekin jokatzen.

Lagun Onakeko jokalari onenaren saria behin baino gehiagotan eman dizute.

Bai, hala da. Lau aldiz eman didate eta izugarrizko poza hartu izan dut. Sariak jasotzea beti izaten da ona!

Inoiz pentsatu al duzu beste talderen batera joatea?

Bai zera! Oso gustura nago Lagun Onaken eta ez zait sekulan burutik pasatu ere egin beste talde batera joatea futbolean jokatzera.

Eta ez al duzu sekula beste taldeetatik eskaintzarik izan?

Ez, ez dut inoiz eskaintzarik eduki, eta hobe, nik ez baitut beste talde batean jokatzen hastea pentsatu ere egin. Oso gustura nago hemen.

Taldeko kapitaina izango zara denboraldi honetan. Ez al da ardura handia?

Bai, ardura handia da. Taldeko kapitaina izateak ardura bat suposatzen dizu. Ardura handia, nire ustez. Aurretik inoiz ez naiz izan kapitaina. Agindu egin behar duzu, eta hori ardura handia da. Esperientzia ona da kapitaina izatea, aurten ez dut asko jokatu, min hartuta egon naizelako eta denbora dezente egon naiz jokatu gabe, baina esperientzi ona da, nahiz eta ardura handia suposatzen duen.

Zer moduz doa aurtengo denboraldia?

Ondo, gustura gaude. Sailkapenean erdialdeko postuan gaude, hamargarren postuan hain zuzen ere. Nahiko ondo doa.

Gaur Sestaoren aurka jokatuko duzue etxean. Nola ikusten duzu partida?

Partida zaila izango da gaurkoa. Lehenengo postuan dago Sestaoko taldea. Etxean jokatzen dugu eta irabazi egin behar dugu, edo behintzat puntuak lortu, baina etxean jokatzean urduritasunak garrantzi handia du eta horren arabera ere joango da partida.