'Zeru horiek' Miarritzen, hilaren 24tik; Nagore Aranburu da protagonista

Uztarria 2006ko urt. 9a, 11:01
Nagore Aranburu (argazkian, eskubian), grabaketako une batean.

Azpeitiar aktorea, euskal preso politiko ohia da pelikulan; Aitzpea Goenagak zuzendu du

Miarritzen ikusi ahal izango da filma lehen aldiz, hilaren 29a arte

Bernardo Atxagak idatzi zuen Zeru horiek liburua, Aitzpea Goenagak liburu horri buruzko filma zuzendu berri du, euskaraz, eta, bertan, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak paper garrantzitsua izan du, filmako protagonista nagusia delako. Irene izena du obran, eta pelikula laster izango da ikusgai aurreneko aldiz: hilaren 24 eta 29 artean, Miarritzen, Fipa ikus-entzunezko saioen nazioarteko jaialdian, han aurkeztuko dutelako. Azpidatziak frantsesez jarriko dituzte.

Filman, Irene (Nagore Aranburu) kartzelatik atera berria da, baina ez da libre sentitzen. Hain zuzen, euskal preso politiko ohia da bera, eta Bartzelonatik Donostiara egiten duen autobus bidaia kontatzen du filmak. Autobusean polizia bat doa (Joseba Apaolaza) eta honek oso urduri jartzen du Irene. Bidaian Irenek bere bizimodua gogoratzen du. Bakarrik sentitzen da. Autobusean bi serora ezagutuko ditu (Loli Astoreka eta Nadala Batista) eta bere gogoari jarraitzeko gomendatuko diote biek, jendearen presioari jaramonik ez egiteko esanez. Irenek askatasuna du helburu.

Television EspaƱolak (TVE) babestuta egin du Goenagak Zeru horiek, eta Angel Amigok ekoitzita. Katalanera eta gaztelaniara ere itzuli dute.

Uztarria herri aldizkariaren urtarrileko zenbakian, filma grabatzen ari zireneko irudiak ikusgai daude.