Tren Museoan graffitiak egiteagatik pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak

Uztarria 2006ko urt. 6a, 13:01
Trenak, gaur arratsaldean ateratako argazkian, pintatuta.

Ertzaintzaren arabera, beste bi lagunekin bi tren pintatzen ari zen, goizeko ordubatean

Museoko segurtasuneko langileak ikusi eta harrapatu du (J.F.F.M., 20 urte)

Azkeneko albistea (20:55): atxilotu dutena ez da azpeitiarra

Ertzaintzak bart goizaldean, Azpeitian, J.F.F.M. gizonezkoa (20 urte) atxilotu du, Tren Museoan bi trenetan graffitiak egitea leporatuta. J.F.F.M., Ertzaintzak prentsa oharrean esan duenez, beste bi lagunekin ari zen graffitiak egiten goizeko ordubatean, Museoko segurtasuneko langileak ikusi egin zituen eta ustezko egileetako bat harrapatu zuen. Beste biek ihes egitea lortu zuten, Museoko hesiaren gainetik salto eginda.

Gertatutakoaren berri jaso ondoren, Ertzaintzako Azkoitiko baseko patruila bat hara joan zen, eta "ondare historikoaren aurkako delitua" leporatuz, J.F.F.M. atxilotu eta komisaldegira eraman zuten. Polizia iturriek esan dutenez, ondorengo orduetan epailearen aurrera eramango dute. Ertzaintzak "spray-pote batzuk aurkitu" zituen pintatutako trenen ondoan.

Ertzaintzak ikerketa hasi du, gertakarian ustez parte hartu duten beste biak "identifikatzeko eta atxilotzeko".

Azkeneko albisteak

15:03. Atxilotutakoa libre utzi dute.** 'Urola Kostako Hitza'-k Azkoitira deitu du Ertzaintzaren basera, atxilotuaren egoeraz galdezka, eta Ertzaintzak esan du libre utzi dutela. Bestelako informaziorik ez dago, oraingoz.

20:55. Uztarria.com webaren irakurle batek, bera identifikatu ostean, Uztarriari "segurtatu" dionez (iturri fidagarria da, Uztarriaren ustez), bart atxilotu duten gizonezkoa "ez da azpeitiarra, ez gipuzkoarra, ez EAEkoa. Ertzaintzaren oharrak ez du jartzen azpeitiarra denik".