Kirol Patronatoak 2006ko izen-ematea ireki du

Uztarria 2006ko urt. 3a, 14:01

Laster hasiko da 2006ko kuotak kobratzen

Iaz, 6.175 bazkide izan ditu; horietatik %51 gizonezkoak izan dira

Udal Kirol Patronatuak jakitera eman duenez, 2005ean 6.175 bazkide izan ditu. Horietatik gehienak, 5.730, urteko abonatuak izan dira, eta 445, berriz, hiru hilabeteko bazkide.

Sexuari dagokionez, 2005ean Kirol Patronatuko bazkideen %51 gizonezkoak izan dira eta %49 emakumeak.

Laster hasiko dira kontu korronte zenbakitik aurtengo kuotak kobratzen. Beherapen baten onuragarri direnek, dagokien ziurtagiria aukeztu beharko dute. Beraz, familiako abonu barruan dauden 18 eta 25 urte bitarteko seme-alabek eta langabezian dauden gizon eta emakumeek ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiria aurkezten ez dutenek ez dute beherapenik izango.

%10eko igoera

2005eko urriaren 6an egin zen udalbatzarrean Udal Kirol Patronatuko zerbitzuen kuotak 2006an %10 igotzea onartu zen, eta kirol ikastaroen kuota %3,3 (KPI) igotzea. Iaz, 18 urtetik gorakoen banakako urteko kuota 112,25 eurokoa zen eta familiako urteko kuota 174,50 eurokoa.

Batzar hartan, gainera, kiroldegia goizetan ere irekita egotea erabaki zen, eta igandetan ere, printzipioz, egun osoan irekita edukitzea. Gainera, kirol zerbitzuen kuota ordaintzen dutenek, bazkide txartelarekin, teniseko eta paddleko pistak erabiltzeko aukera edukitzea ere onartu zen.