Euskal preso guztien amonari

Begoña ELias 2005ko abe. 28a, 12:12
Enkarna Uzkudun, Uztarria herri aldizkariak 2004ko abenduan egindako erreportaian.

Enkarna Uzkudun hil da eta Begoña Eliasek gutuna idatzi du haren omenez

Uztarriak erreportaia egin zuen 2004ko abenduko aldizkarian

Enkarna, zure heriotzaren berri jakin bezain laster pentsatu dut zerbait idaztea, baina ez dakit nola hasi, hainbat gauza dauzkat esateko eta hitz gutxitan asko esatea oso zaila zait.

Sekulako tristura dut barnean; oso pertsona atsegina zinen, gorputzez txikia, baina bihotzez handia.

Gabon gauean, seme-alaba guztiek alboan zenituela afaldu omen zenuen, badirudi agur-afaria zela, eta hurrengo egunean, berriz, bazkal ostean inor molestatu gabe betirako lo gelditu zinen.

Lehengo urteko irailean, idatzi labur bat bidali nuen Berriara, titulu honekin: 184 euskal presoei hankak berotu dizkien amona. Harrezkero gehiago egingo zenituen segur aski. Niri, behintzat, ez zait sekula ahaztuko zure irudia, Gerra Haundi baserriko sukaldean aulki txiki hartan eserita gogoratzen zaitut, alboan betiko otarra, galtzerdi-orratz eta artilearekin, miresten nuen zure abilezia hatz oker haiekin lanean ikusten zintudanean, beti irribarretsu. Gauza asko gelditu zaizkizu lortu barik, hainbeste maite zenituen presoak etxeratzea, bereziki, zure alaba Triniren mutila, baina, ziur nago, zauden lekuan zaudela, hor ere borrokarako prest egongo zarela.Eskerrak eman nahi nizkizuke erabateko pertsona izan zarelako. Muxu handi bat eta ikusi arte.