'Otsobeltz', liburuan

Uztarria | Kultura
2005ko abe. 28a, 13:12

Andoni Salegik egin du eta Uztarriak argitaratu; gaur aurkeztu dute

"Gure gaur egungo bizimodua 'Otsobeltz'-en bidez azaltzen saiatu naiz", esan du egileak

Argazkian, Andoni Salegi liburuarekin, gaur.  Argazki originala

Gaur (abenduak 28) aurkeztu du, Aitonena I-en, Andoni Salegik Otsobeltz komiki liburua, Uztarria Kultur Koordinadorak argitaratuta. "Zenbait gauza kritikatuz, baina inorekin sartu gabe egin ditut marrazkiak", azaldu du egileak.

Salegik Otsobeltz pertsonaia nondik atera zuen ere azaldu du. "Otsobeltz sortu nuenean, Azpeitiko harmarrian oinarritu nintzen. Han azaltzen diren bi otso basatietan, hain zuzen. Han daude pertzean, janari gozoa balego bezala ondoan jarrita. Domestikatutako bi otso ikusten nituen nik han. Eta gure gaur egungo bizimodua 'Otsobeltz'-en bidez azaltzen saiatu naiz", azaldu du. Horrez gain, liburuaren egileak eskerrak ere eman nahi izan ditu: "Nire sormena lantzeko bidea eman didalako Uztarriari eskerrak eta baita Josu Azpillagari ere, animoak ematen beti ondoan izan dudalako".

Liburuari buruzko zenbat xehetasun

Orrialdeak. 100.
Atalak. Zazpi ataletan dago banatuta liburua.
Argitaratzailea. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora.

Andoni Salegiri buruzko xehetasunak

Salegi, 1975ean jaio zen, Azpeitian, eta Arte Ederrak ikasi zituen. Uztarria herri aldizkariko kolaboratzaile izan zen lehen 41 zenbakietan, Otsobeltz pertsonaiarekin berarekin: 1999ko azarotik) 2003ko uztaila arte. 2004ko maiatzean berriro hasi zen eta segitzen du hilero egiten marrazkia.

Andoni Salegik bere lehen liburua du hau. Orain Uztarriak berriz ere egile berri baten bila jo du. Hori izan da beti, oro har, gure asmoa; aukera ematea azpeitiarrei euren lehen liburua ateratzeko eta bide honi hasiera emateko.

Horretaz guztiz gain, Andoni Salegik Uztarriarekin daukan harremana estutu egingo da, laster uztarria.com-en blogari hasiko delako, marrazkiak egiten. Urrian jarri genuen uztarria.com-en blogen atala eta hamar blogari ditugu.

Liburua salgai

Saltokiak. Azpeitian: Belaetxe, Eklipse, Iratzar eta Martinez dendatan, eta Uztarriaren egoitza.
Salneurria. 6 euro.
Uztarriako bazkideak. Dagokien tokian ari dira jasotzen edo hasiko dira laster, eta ez dute ordaindu beharrik izango. Gaur egun 1.042 bazkide ditu Uztarriak.

Uztarriak argitaratutako liburuak

Uztarriak argitaratu duen bederatzigarren liburua da Otsobeltz, baina aurreko liburuen aurkezpenetan esan izan duen bezala, "Uztarria ez da argitaletxea, kultur koordinadora baizik".

Elkartea 1998an sortu zen, eta euskara, komunikazioa eta kultura ditu ardatzak. "Komunikazioaren arloan, tresna komunikatiboak sortzea eta garatzea da gure eginbehar nagusia. Hala, Uztarria aldizkaria eta uztarria.com webgunea ditugu, eta Urola Kostako Hitza egunkariko sortzaileetakoak eta bazkide gara".

Liburuak ateratzen ere hasi zen, ordea, "betiere ardatz horiekin lotutako lanak argitaratzeko eta hutsuneak bete nahian, eta, esan bezala, bederatzigarrena da hau".

Ateratako liburuak:
- Joxe Takolo (biografia). Enekoitz Esnaola, 2001.
- Angel Otaegi (biografia). Iban Arregi, 2001.
- Imanol Elias (biografia). Mailo Oiarzabal, 2002.
- Patxi Altuna (biografia). Josune Etxeberria, 2003.
- Azpeitiko efemerideak (historia). Imanol Elias, 2003.
- Azpeitiko mendi gida (mendia eta kultura). Lagun Onak Mendi Bazkuna eta Uztarria, 2004.
- Euskarazko prentsa eta Azpeitia (kazetaritza eta euskara). Uztarria, 2004.
- Loiolarik ez balitz (literatura eta historia). Iï¿1/2igo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, 2005.
- Otsobeltz (komikia). Andoni Salegi, 2005.

Uztarriak eskerrak eman dizkio Salegiri, elkarlanean liburua egiteagatik; Uztarriako bazkideei ere bai urtero beraien ekarpen ekonomikoa egiteagatik eta, beraz, hau bezalako liburua argitaratzen laguntzeagatik; eta baita Azpeitiko Udalari ere, liburu hau ere diruz laguntzeagatik.

Bidali:  

Erantzunak

4x4 | 2005-12-28 : 18:12

Zorionak Andoni, segi hola. Hire irudimena ta adarra jotzeko goguek etzakek amayeraik. Earra atea deken komikiye, parrie aseguraute, enian gutxiyo espero!!!

zorionak | 2005-12-28 : 18:12

zorionak hi.

Ainhoa | 2005-12-29 : 08:12

Zorionak Andoni!
Azpeitiko herriye ta Azpeitiarrak fenomeno irudikaute daude zure liburuen, earra benetan!

maitane | 2005-12-29 : 08:12

Atzo irakurri nun komikiye ta mundiala, zorionak benetan andoni!!!

Azkoitiarra | 2005-12-29 : 12:12

Epa Andoni:
Azpeitira joango nauk hire liburu hori erostera, ea hire lehengusu azkoitiarrari berdina egiteko esaten diokan (Maxixatzeneko Mollo)

Oso-oso ona | 2005-12-30 : 09:12

Jenio bat da Otsobeltz hau. Oso-oso ona komikia. Aspaldian ez nuen hain gustura barre egin. Azpeitiarrok ondo karikaturizatuta azaltzen gara, bai jauna. Ideia ona Uztarriarena. Segi horrela.

Alaitz | 2005-12-30 : 12:12

Ederrak hire pasarteak. Ederki pasatu diat irakurketan. Lastima, gutxitxo... Badakik, bat gustura dagoenean, dena egiten duk gutxitxo.
Zorionak Andoni!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu