Iñaki Etxarte: "Gauzak ongi eta lasai egin beharko dira aurreko akatsak ez errepikatzeko"

Urola Kostako Hitza (Cecilia Arrozarena) 2005ko abe. 27a, 11:12

Frantziako Gobernuak Cabo Verdera estraditatu zuen loiolatarra 1985ean; handik ihes egin eta Kuban bizi da

Urola Kostako Hitza -k elkarrizketa egin dio

Iñaki Etxarte loiolatarra Habana urrunean aurkitu dugu, Kubako hiriburuan, etxetik oso urrun. Urte asko daramatza hiri honetan. Parque Lenin deitzen den atsedenleku ederrean egon gara hizketan. Larre berdeak, laku mantsoak, palmondo luze eta bestelako zuhaitz asko. Eguzkia bere eguerdiko pausalekuan, sargoria zaintzen, haize leuna eta dena ikaragarri mantsoa. Atzean geratu dira aurtengo urakan denboraldiko haize erauntsiak eta uholdeak. Zaila da sinestea naturaren lasaitasun hau berriz hautsi daitekeenik.

Noiztik bizi zara Habanan?

.1987an iritsi ginen hona, orain dela hemezortzi urte.

Noiztik zabiltza etxetik kanpora?

1981ean joan nintzen. Preso egon nintzen, eta gero Iparraldean. Bi urtez klandestinitatean ibili ondoren, 1985ean preso egon nintzen berriz Frantzian. Eta 1986ko urtarrilean Cabo Verdera bota gintuzten.

Cabo Verden estraditatuta egon zinen. Zer esango zenuke Cabo Verderi eta orduko esperientziari buruz?

Mindelon bizi izan ginen. Jende xehea eta ona zen hangoa. Mundutik ahaztuta dagoen tokia da, eta bertako gobernuak behar handiak zituen. Horregatik hitzartu zuen Espainiako Gobernuarekin gu erdi preso edukitzea, gariaren eta ez dakit zer gehiagoren truke. Espainolen beso kolonialista haraino iristen zen. Cabo Verden jende iraultzaile egokia ere bazegoen, baina azken finean Afrika da hura.

Zergatik eta nola etorri zineten Kubara?

(ETA) erakundearen debate bati bukaera emateko, pm-etan. Uhartetik ihes egin genuen Afrikara, itsasontziz. Kontinentean lau hilabetez ibili ginen, eta gero itsasontziz joan ginen berriz Antilletara.

Zer egin duzu Habanan hainbeste urtean?

Aurreneko urteetan arotz lanean aritu naiz, hainbat obra sozialetan, lan boluntarioan. Gero ekonomia bi urtez ikasi, historia karrera bukatu eta unibertsitatean lan egin nuen apur batean. Periodo espeziala hasi zenean inportazio-esportazio enpresa bat zabaldu nuen. 1995ean Euskal Etxe bat zabaldu genuen, berehala utzi zutena. Eta orain bulegoan, lanean murgilduta...

Familia duzu?

Emaztea Laudiokoa dut, eta seme-alabak, Irati eta Jaso, 14 urteko neska eta 8 urteko mutikoa. Orain Laudion bizi dira, Iparraldean 7 urte pasatu ondoren. Azpeitian bizi ez diren arren, hirurak euskaldunak dira, azpeitiarrak balira bezala. Aita duela urtebete hil zen, 89 urterekin. Ama Loiolan bizi da, bi anaiarekin. 80 urte ditu, eta gaixorik dago orain; badut beste anaia bat ere Bartzelonan, eta badakizu, ilobak...

Zer iruditzen zaizu, urrundik, Euskal Herriko gaur egungo egoera?

Esperantzagarria une hauetan. Gauzak ongi eta lasai egin beharko dira aurreko akatsak ez errepikatzeko.

Hemen, Kuban, "aplatanatu" esaten zaio kanpotarra bertan egokitzeari. Aplatanatuta zaude?

Ez. Aplatanatzea, sustraiak alde batera uztea bada, ez.

Ze musika entzuten duzu, Benito Lertxundi ala Benny More?

Laboa, Ruper eta Benito Lertxundi. Eta Jimmy Hendrix, eta Eric Clapton.

Azpeitira itzultzeko asmorik?

Noski baietz.

Noizko itzuliko zara?

Loiolakoa naizenez gero, Erromako Elizak baimena ematen duenean.

 

Mindelotik Habanara

Gari Berasaluze » Cecilia Arrozarena Uriberen eskutik lortu du Iñaki Etxarteren elkarrizketa hau Urola Kostako Hitzak. Habanan jaio arren, Kubaren historiaz ez ezik Euskal Herriaz eta bertako musikaz eta literaturaz ere asko daki Arrozarenak.

Duela bi urte, El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba izeneko liburua argitaratu zuen Txalaparta argitaletxearekin, eta bertan ageri da egilearen biografia ere. Frantziako Hizkuntza eta Literaturan lizentziatua da, eta narratzaile bezala Examen suspendido eleberria argitaratu zuen. Abeslaria ere bada, eta Kubako doinuen artean, Laboa, Lete, Berzaitz edota Ordorikaren abestien bertsioak ere abesten ditu.

El roble y la ceiba liburuan, zehazki, azken orrialdeetan, Iñaki Etxarte eta beste zenbait euskal errefuxiatu Kubara nola iritsi ziren kontatzen du: "Zenbait euskal errefuxiatu politiko gehiago iritsi ziren Kubara hurrengo urteotan. 1987an, Iñaki Etxarte, Amaia Egiguren eta Elena Barcena itsas zeharkaldi luze baten ondoren iritsi ziren. Frantziako Gobernuak 1985ean extraditatu zituen Mindelo uhartera, Cabo Verdera. Uharte hartatik ihes egin zuten, eta Senegal, Gambia eta Boli Kostan barrena alderrai ibili ondoren, Dakar-ko portuan itsasoratu ziren belaontzi batean, ausardiaz ozeano atlantikoa 1987ko zikloien denboraldian zeharkatuz. Tobagora iritsi ziren, handik Trinidadera igaro ziren, handik Venezuelara, eta hegazkinez Kubara sartu ziren ezkutuan. Bertan, gerora, eragozpen askoren ondoren, erresidentzia baimena eman zitzaien".