EHEko kideak Olentzerorekin anbulatorioan

Uztarria 2005ko abe. 23a, 21:12
Olentzero opariak eta ikatza lagatzen anbulatorioan.

Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak Olentzerorekin joan dira anbulatoriora

Ekitaldiko argazki batzuk hemen ikusgai

Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak Olentzerorekin joan dira anbulatoriora. Bertan, elkarretaratzea egin dute eta Olentzerok gutun bat irakurri du. Gutuna irakurri ondoren, Olentzero EHE-eko kideekin anbulatorio barrura sartu da. Han, opariak utzi dituzte euskaraz ikasten ari diren anbulatorioko langileentzat, eta ikatza euskaraz ikasteko "inolako ahaleginik" egin ez dutenentzat. Modu honetan, EHE-eko kideek Azpeitiko anbulatorioan ematen den hizkuntz eskubideen urraketa salatu nahi izan dute.

Urte bukaerako ekitaldi honekin, Azpeitiko EHE-ek anbulatorioan euskarak "jasaten duen bazterketa" salatu nahi izan dute. Eta EHE-eko kideen hitzetan "hizkuntz eskubideen urraketak segitzen duten bitartean" salaketak egiten jarraituko dute.

Hau da Olentzerok anbulatorio aurrean irakurri duen gutuna:

Kaixo Olentzero:

Urtero bezala, aurten ere hemen izango zara. Guri opariak uzten ixil-ixilik. Ni oraingo honetan eskakizun batekin natorkizu.

Pasatu den otsailean, tripan egundoko mina neukala eta anbulategira ekarri ninduten. Etorri orduko sendagilea galderak egin eta galderak egin hasi zitzaidan, eta nik ezer ezin ulertu! Tripako mina ez zen ezer izan pasatu nuen tratuarekin konparatuta!

Horregatik Olentzero maitea, eskatzen dizut aurten euskara ekarri dezazula Azpeitiko anbulatoriora, nik eta beste milaka azpeitiarrek bihotz-bihotzetik eskertuko dizugu!

Nire eskaria kontuan hartuko duzulakoan, opariaren zain geratzen naiz, zuk ondo baitakizu aurten txintxo-txintxoa izan naizela.

IƱaki