Eguraldi hotza eta giro beroa

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 22a, 13:12
Ikasberri Azpeitiko Ikastolak ipini zuen postuan jende asko ibili zen egun osoan.

Santo Tomas egun arrakastatsua izan zen atzokoa; eguerdian kaleak jendez beterik egon ziren, eta arratsalde aldera ere giro bikaina nagusitu zen

Santo Tomas eguneko ekitaldiak argazkitan hemen (Urola Kostako Hitza)

Giro paregabea izan zen atzo Azpeitian. Jende asko ibili zen kalean, eta iaz ez bezala, eguraldia lagun izan zuten azpeitiarrek eta kanpotarrek. Baserri giroa, taloa eta txorizoa izan ziren atzoko protagonista nagusiak, baina bestelako ekitaldientzat ere izan zen tarterik.

Goizean, Santo Tomas Pilota Txapelketa jokatu zen Frontoi Txikin, eta frontoia txikia geratu zen partidak ikustera agertu ziren zale kopuruagatik.

Goizean goiz ez zebilen jende asko plaza inguruan, baina eguerdi aldera plaza gainezka zegoen. Eguzkiaren epeltasunean jende askok jan zuen txorizoa eta taloa sagardo edo ardo pixka batekin lagunduta. Eguerdian izan ziren herri kirolek ere jendearen arreta bereganatu zuten, atzo hainbat berrikuntza izan baitzen. Alde batetik, Goenatxo II.aren 13 urteko semeak erakustaldia egin zuen, eta bestetik harri zulatzaileak aritu ziren jo eta ke harriari kolpeka. Gipuzkoako eta Bizkaiko harri zulatzaileen arteko lehia izan zen gerturatu zirenen artean ikusmin handiena sortu zuena, aukera gutxi izaten baitira bailaran harrizulatzaileen ikuskizunez gozatzeko. Sebastian Lizasok aurkeztu zituen herri kirolen ostean, bertsolariak igo ziren oholtzara, eta saio labur bat egin zuten.

Azoka plazan, goizean zehar, baserriko produktuen udazkeneko azoka berezia izan zen. Bertan gazta, barazkiak, loreak, gozokiak eta opilak erosteko aukera izan zuten gerturatu ziren guztiek. Azoka plaza ere leporaino bete zuten eguerdi aldean erosketak egin eta azoka ikustera hurbildu ziren guztiek.

Ez zen musikarik falta izan atzokoan, Udal Musika Bandak, Itsasiko ttuntturroek, soinujoleek eta gaiteroek kalejirak egin baitzituzten. Arratsalde partean, berriz, Nahidekeena txaranga aritu zen bazter guztiak alaitzen.

Profesionalen arteko pilota partidek jende asko bildu zuten Izarraitz pilotalekuan, eta dantza suelto txapelketa ere arrakastatsua izan zen.

Jon Unanue:"Oso urduri nengoen Azpeitian ezagun asko ditudalako"

Jon Unanue azkoitiarra da, eta 13 urte besterik ez dituen arren, dagoneko bere aita, Goenatxo II.a bezala, plazatik plazara ibiltzen hasi da.

Noiz egin zenuen lehenengo erakustaldia?

Azkoitiko San Jose Zaharren Egoitzan egin nuen pasatu berri den azaroan. Mendaron ere jardun nuen, eta han erraz egin nuen jasoaldia.

Zer moduz joan da santotomasetakoa?

Ondo, baina oso urduri nengoen. Eskolako lagunak eta jende ezagun asko zegoen, eta urduri ipini naiz.

Nolatan animatu zara Azpeitiko plazan erakustaldia egiten?

Aitari mesedea egiteagatik. Aita duela gutxi operatu dute, eta bere erakustaldia arinagoa izango zenez, berari laguntzeagatik animatu nintzen.

Zein harrirekin aritu zara?

.45 kiloko zilindrikoarekin 6 jasoaldi egin ditut, eta 55 kiloko kubikoarekin berriz, bi.