Udal aurrekontuak "iruzurra" direla diote Habeako ordezkariek

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 19a, 10:12
Habeako Aitzol Iparragirre eta Iñaki Errazkin prentsaurrekoan.

Herriko eragileen parte hartzeari "uko" egin zaiola diote (Urola Kostako Hitza)

Habeako ordezkariek, Udalak 2006rako onartu dituen udal aurrekontuak "iruzurrean oinarritutakoak" izan direla eta "herriko eragileen parte hartzerik ez dutela izan" esan zuten larunbatean (abenduak 17) prentsaurrean, eta datorren urterako zehaztu dituzten asmoei buruzko azalpenak ere eman zituzten.

"2006ko udal aurrekontuak erabakitzeko orduan gure asmoa kontuak eztabaidatzea eta ditugun arazoei irtenbidea bilatzea izan da. Baina horretarako, gai desberdinak Udalak eragileei zabaldu behar dizkiela uste dugu. Guk udaletxean egin genuen lehenengo eskaria horixe izan da, gaiak eta arazoei irtenbidea emateko Udaletik eragileetara zabaltzea. Baina ez da posible izan, Udaleko arduradunek uko egin diote horri", azaldu zuen Iñaki Errazkin Habeako kideak.

Osotasunezko emendakina

Datorren urteko aurrekontuak onartzeko orduan EAJk "gezurra" esan duela adierazi zuten Habeakoek: "2006ko udal aurrekontuak aho batez onartu direla esan dute, hori ez da egia, guk, 2006ko aurrekontuak direla-eta osotasunezko emendakina jarri dugulako udaletxean". Bestetik, datorren urtean Udalak egin asmo dituen proiektuen inguruan ere eztabaidarik ez dela eman adierazi dute ezker abertzalekoek: "2006ko udal aurrekontuak, egunez egun lortutako adostasunen emaitza direla esan dute, baina hori ez da horrela. Eztabaida sakonik ez da egon, hilabeteko edo hamabost eguneko epe batean onartu direlako. Iruzurrean oinarritutako udal aurrekontuak dira datorren urtekoak. Horrela, herrian ditugun arazo potolo batzuei erantzunik ez zaie emango".

Alor desberdinetako proiektuak eta lehentasunak aurreikusteko orduan eztabaida eragileei zabaltzea "beharrezkoa eta ezinbestekoa" dela esan zuten Habeakoek: "Herritarren parte hartzea bermatu egin behar da herrian, ditugun arazoei irtenbidea eman nahi badio Udalak".

"Alorrez alorreko eragileen parte hartzearekin ikusiko da zein diren benetako beharrak. Baina horri ere berriro uko egin dio Udalak. Etxebizitzarako 4 milioitik gorako aurrekontua jarri du Udalak, inbertsio hori egiteko dauden beharrak kontuan hartu gabe. Zertan oinarrituta egin da aurreikuspen hori? Euskaran ere berdin, hainbat diru aurreikusi da, euskalgintzan gaur egun lanean dabiltzan eragileekin akordioa puskatuta dagoenean. Kultura alorrean ere, mila milioi pezetako inbertsioa aurreikusten dute, proiektua kultur eragileekin adostu gabe dagoenean. Kontu horiek denak horrela egonik ere, ezertxo ere ez dela gertatzen ematen du. Herritar guztien diruaz hizketan ari gara eta Azpeitiko Udalean, herritarren %25aren babesa jaso duen mugimendu politikoaren iritzia ez da kontuan hartzen".

Urtarrilaren 14an batzarra

Datorren urterako lehentasunak eta jorratu beharreko gaiak erabakitzeko, urtarrilaren 14an herri batzarrera deitu du Habeak, 10:00etan, Sindikatu Zaharrean. "Batzarrean 2006an landu beharreko ildoak erabakiko ditugu eta deia luzatu nahi diegu izaera ireki eta ezkertiar batean lan egiteko prest eta gogoz dauden herritar guztiei. Gu prest gaudelako eredu irekiarekin lan egin nahi dutenekin elkarlanean aritzeko. Egoera honi irtenbidea emateko aukera bat indar metaketa baita".